1936
Donostia

Aitzolen negarra
Aitzol ez da eztabaidazale agertu. Isilik egon da olerkiaren bidea hori ez dela-eta Lauaxetaren "Bide Barrijak"-i tradizioaren lerroetatik eraso diotenean. Mutu segitu du Lauaxeta eta Orixe klasikotasunaren inguruan nahastu direnean. Nahitarat egin du: denbora behar du Pizkundea-k fruitu umoak eman ditzan, eta osasungarri iritzi izan dio prentsan emandako eztabaidei.
Egia da, agertu du artegatasunik Lizardi bizi zelarik ere, batez ere Jose Zubimendiren "Aberri Oyuak"-ek izan duen arrakastaren ostean, baina adiskide hilari zor zaizkion malkoek horretan baino ez dute utzi, inbidia hari mehe batean. 1934ko hondarretan, eta berak antolaturiko literatur lehiaketak hizpide harturik, azken urtean izaniko agorteak eman dio bide gogoeta publikoa egiteko. Eta bi dira batez ere kezkarako arrazoiak. Bata, irakurle falta. Pizkundea-ko izen handienek, alegia Lizardik, Orixek, Lauaxetak, nekez saltzen dituzte hirurehun aletik gora. Ez dauka ahazteko, Zubimendik bost mila saldu zituen! Eta bi, lehiaketak bultzatu eta diruz lagunduko dituen mezenazgo baten beharra dago. Salaketa berez dator: euskal burgesiak ez du euskal kulturan inbertitzen.
Hitzokin, Aitzolen egonarria agortua da, eta Lizardi hil ondoko bi liburuak, "Itz Lauz" eta "Umezurtz Olerkiak" ez dira onik aterako haren begirada kritikotik: «Nótese en ellos la ausencia del sentimiento de lo sencillo y natural [...] En ellos domina el artificio sobre el arte, lo rebuscado sobre lo natural, lo retorcido sobre lo espontaneo». Orixeren "Barne Muinetan" olerki liburuak ere, antzeko kritika jaso du: «Hubiéramos deseado nosotros que también en la producción poética de Orixe hubiera dominado más acentuada su tendencia, siempre sana de lo fluido, de lo inteligible, de lo natural». Ez dago bakerako. Olerkiak ulertzeko gaztelerazko bertsiora jo behar izan duela aitortzen du.
Aitzol, Pizkundea-ko buru eta ideologo nagusi, dena den, ez dabil bakarrik. Ez da azkenaldian borborrean datozen iritzien ahots nagusia besterik. Literatura erraz eta herriari atsegin eginen zaiona lantzeko deia, egina zuen "Euskera"-tik Sebero Altubek lehenagotik ere. Altuberen kritika gehiago da ordea hizkuntza eredu aranistarentzat Pizkundea-koen eredu literarioarentzat baino. Altuberentzat, garbizalekeriak, ortografia ezin ulertuz-koak urrundu du Hegoaldeko euskal irakurlea literaturatik.
Eta Mokoroa da "Genio y Lengua"-n bai Aitzolen eta bai Altuberen kritikak batuko dituena, nolabait hizkuntza erregistro desegokien eta eredu literario ausartegien gaitzak seinalatuz. Hona Mokoroarentzat orain arteko hutsen hirutasun santua: «atropello de la lengua, aberración de la función literaria y desconocimiento de los intereses del público».
Oroimen gozo legez gorde nahi du Aitzolek Errenteriako lehen euskal olerti egun hura. Amets polit izan da, baina abantzu dago. Hondamenaren arrazoiak topatze aldera, non-nahi topa daitezke. Orixeren "Euskaldunak", poema nazional izateko jaio behar zuen obra epiko hura, oso atzeratzen ari da. Lizardi, Lauaxeta eta Orixeren lirika bideek ez dute asmatu jendearengana heltzen. Bestalde, ez da hizkuntza erregistro egokia erabili, ez da behar besteko laguntzarik izan...
1936ko maiatzean Euzkadi-n eman duen artikulu batean, orain arte ez bezalako Aitzol bat ezagutu du irakurleak. Etsiak jota dago, herria loerotik atera behar zuen literaturaren abentura amaitu dela iragartzen du:
Juzgue el lector si la actividad literaria euskaldun corre pareja con el ardor político y social que hoy el País Vasco experimenta. Y vea si a él alcanza algún tanto de responsabilidad en esta tan patente postración de nuestro idioma.