1935
Donostia

Lehen Bertsolari Eguna.
Bertso Gudua
Denborari zipotza sartuta eta Jainkoari orduak ostuta ateratzen du Aitzolek Euskaltzaleak elkarteak antolatutako ekimen guztiak aurrera ateratzeko indarra. Seigarren "Olerti Eguna" izanen da aurtengoa. Bertsolaritzak ere beste horrenbeste merezi duelako antolatu du Euskal Herriko lehen bertsolari eguna, berak "Bertso Gudua" deitu nahiago duena:
Bertsolaria, geienean, ez da bakarrik yarduteko yaioa. Inguruan adiskidea bear du, arerio antzean, guda bizian aritzeko. Orduan sormena arrotu, adimena zorroztu eta irudipena aberasten zaizkio. Koplakarien arteko yardun oneri, antziñetik, gudua deitzen zaio. Etzaigu atsegin bertsolarien alkar yarduketari batzaldi, yokualdi eta kideko itzez ezagutzea, yatorrizko itz egokia dun ezkero; izen egoki bakarra bertsolari gudua bedi betirako.
San Sebastian egunez, Donostian Eusko Gaztedi-k duen Poxpolin aretoan bildu ditu gudukariak eta entzuleak. Goizeko hamar eta erdietan, Aitzol, Zubimendi, Alzaga, Lekuona, Olaizola eta Olanok osaturiko epaimahaiaren aurrean daude bertsolariak. Hogei dira guztira, hamazortzi gipuzkoar eta bizkaitar bi.
Aulkietan eserita, elkarren artean oso bestelako bertsolariak dira jende aurrean agertu diren gizonak. Brusaz jantzita batzuk, korbataz besteak, ez da soilik janzteko erak elkarren desberdin egiten dituena, bertsoetan, kantatzeko eran dira batez ere diferente. Esan beharrik ez dago, bi mundu dira soinez soin elkarren ondoan daudenak.
Larogei
urte gainean ditut
nago
anketako minez
Donostiara
etorria naiz
erren
andia eginez
bi bastoirekin
txit larri nabil
pausorik
eman ezinez
euskara
ia aztu zait eta
erderarikan
jakin ez
maixu
batekin eskolan laster
asi bear
dut latinez.
Kantatu dio Aitzoli jendearen barre algara artean Txirritak, buru eskuarekin hura erakutsiaz, maisutzat bera aukeratua zeukala adierazi nahian bezala. Ironia legez ulertzea badago. Aitzolek maite ez duen bertsolari erakoa da Txirrita, taberna zulokoa, upeltzaleegia... Poesian bezala bertsotan ere, giro berrietara egokitutako bertsokera du nahiago, euskal bihotzak suspertuko dituen mezuak bortxa gabeko bertsotan emanen dituena, jantzia, dotorea. Eta hemen du.
Bertsolariak
eman diote
txeko
erriari gorantza,
"Mireio"
batek edergallutan
yosia
zuen Provenza.
ene Yainkoa
egin zaiguzu
guri
bear den laguntza,
al dan
azkarren sendatu zagun
gaixo
dan euskel izkuntza.
Txekiako herria, Mistralen Mireio, Provenza... Euzkadi eta El Día-n kolaboratzaile den Basarri gazteak erabili dituen erreferentziak bertso munduan zeharoan berriak izanagatik, Pizkundeak, eta batez ere Aitzolek propaganda legez prentsan egunero darabiltzanak dira. Gaiari heltzeko eragatik soilik, zuritik beltzerakoa da batetik bestera, Txirritaren bruxatik Basarriren gorbatara dagoen aldea.
Aitzol abisatuta etorri da, gudua da batzaldi baino. Aitzolentzat, eta berez Pizkundearentzat ere bai, abertzaletasunak foralismoari gain hartu beharreko gudua da gaurkoa. Eta Aitzol buru duen epaimahaiak ez du Basarrik ematen dion aukera galdu nahi. Hiru ordu luzeko borrokaldiaren ondoren, eta aho batez, Iñaki Eizmendi, Basarri zarauztarrari eman zaio Lehen Bertsolari Eguneko txapela.