1935
Tolosa
Poxpolin
Haurtzaroan liburu-meta artean jolasten zelako dabil Ixaka Lopez Mendizabal argitalpenaren mundu honetan. Francisco de Lama birraitonak 1750ean inprimategia zabaldu zuenetik, ez da Tolosan euskal liburua non argitaratu falta izan. Beharraz jabetuta, ikastoletako umeek erabiltzeko liburuak idatzi eta kaleratzea izan du amets eta lanbide Lopez Mendizabalek: "Zenbakiztia" (1913), "Xabiertxo" (1925), Umearen laguna" (1931), "Martin Txilibitu" (1931)... Liburugintza bazter utzi gabe, komikiei ekin die orain.
Euskara hutsean idatzita agertu da Poxpolin, Bartzelonako TBO-k Euskal Herrian duen lagunik onena. TBO-n argitaratzen duten Urda, Serra, Cuviller, Forton, Opisso eta abarren istorioak euskaraz emateko baimena lortu du lehenbizi. Gero John Zabalo, Txiki lotu du gero, etxeko ikutua euskaraz eman diezaion.

Txikiren ilustrazioa.
Herri ipuinetan eta historiako gertakizunetan oinarritutako marrazkiak dira Txikik euskal irakurleari ematen dizkionak. Txikiren bitartez ezagutu ditu umeak Orreagako borroka, Leireko Birila deunaren kontakizuna, Elkanoren ontziko itsasmutila, Loiolako Inazio, Otxarango indartsua, Pernando Amezketarra edota azken gerla karlista. Euskaltzaleak-ek egin bezalaxe, EAJren partehartze zuzena ekidin da. Alderdiarekin lotura organikorik nahi ez duen aldizkaria da Poxpolin. Aitzolentzat bezalaxe, alderdikerietatik haratago egon behar du euskararen didaktikak.
Poxpolin ez da, dena den, euskaraz argitaratzen den aurreneko komikia. Aitzindari duinak izan ditu lehenagotik ere. Primo de Rivera-ren diktadura garaian, Txistu (1927) kaleratzen zen Donostian, euskarazko lehen marrazki aldizkaria. Argia astekariaren gehigarri gisa atera zen, eta Anbrosio Zatarain izan zuen sustatzaile nagusi. Etxeko transmisio etenean galdutakoa marrazkien pedagogiaren bidez eskuratzea zuen helburu agerkariak:
Dices a menudo que no puedes euskaldunizar a tus hijos. Desde ahora no podrás quejarte de ello.
Esan da: asmoa, didaktikoa du. Hori baino lehen, egile ezezaguna duten "Teles eta Nikoren istorioak" (1918) baino ez dira ezagutzen ia. Bilboko Euzko Deya hamabostekari abertzalean argitaratu izan dituzte, eta bertan era folklorikoan jantzitako bi neska-mutilen bihurrikeriak ematen dira. Pertsonaia finkoak agertzen diren lehen euskal komikia da "Teles eta Niko".
Marrazkilarien artean, ez dira asko euskararen bidea hartu izan dutenak. Bitoriano Iraolak herri gipuzkera erabili du Baserritarra-n (1907), Txikiren arreba Ignazia Zabalok, Nor Nai-k marrazki argiz liluratu izan du "Argiaren Egutegi"-ko irakurlea (1925-1927), Oterminek xehetasun gehiagoko binetak lantzen ditu Zeruko Argia-n (1927), Jagi-Jagi-k (1933) didaktismora bultzatu du Gaztelu, Euzko Gastetxu-k (1932) Antonio Santafe bezalaxe... Txikik ez ditu komikiak soilik egiten. Bereak dira abertzaletasunaren propaganda bule-goetatik atera diren afixarik gehienak.
Bitartean Madrilgo prentsan Jose Arrue margolariak argitaratzen dituen istorioetan, gazteleraz trakets mintzo diren euskal nekazariak dira barregai:
¿No le conoses? Bernardo el de Rotasar es éste... De Cuba venir ha hecho en un vapor... Catorse años hiso allí...
Ez da lehenbizikoa. Hizkuntzaren ideologiak erro zaharrak ditu...