1934
Getaria
Idiakez afera: euskara auzitan
Igande gaua otsailean. Herriko ostatu batean, Pelayonean eman zaio hasiera tragediari. Patxi Idiakez arotz gazteak txaketero izatea leporatu dio Ziriako Gatzaga marinelari.
— PNVkoa hintzan lehen, ANVkoa gero eta errepublikarra orain. Faltsua!
Ziriako Gatzagak abertzalea dela dio, bera baino abertzaleagoa hagitzez, baina ezkerrekoa, eta ez duela potrorik hori hurrengo egunean errepikatzeko esanda, pezeta banako trabesa egin eta hartu du bakoitzak etxerako bidea.
Astelehen eguerdiz, esan bezala, Gatzaga Idiakezen bila doa udaletxe aurreko Getariano tabernara, bezperako salaketa argi zabalean errepika diezaion. Hitz egiten hasita, mihiak arin dabiltza, baina sastakaiak arinago. Ohartzerako, jendea eta ostikoak bildu dira Ziriako Gatzagaren inguruan, eta bizkarrean arotz baten gubia duela daramate hil hurran Centro Republicano-ra. Berandu da. Hilda dago. Sastakadek aorta zulatu diotela baieztatzen du autopsiak ohiko hizkera hotzean.
Hala izan ez bada ere, Gatzagaren heriotzak hilketa politikoaren neurriak hartu ditu. Hamabi dira atxilotuak guztira. Errepublikazaleek alkatearen dimisioa eskatzen dute, apezaren kanporatzea, ministroak fiskaliza dezala Patxi Idiakezen kontrako salaketa. Bestaldean, prentsa abertzalea Gatzaga zikintzen ahalegintzen da. Hain zen odolberoa non ezin konta ahala zituen ateraldi arranditsuak: "biba rusia"ka aritu omen zen igande gauean Pelayonean, behinola mehatxu egin omen zion herriko sakristauari, txakur bat hil eta zatitu zuen beste behin...
1932ko otsailean, hilketa izan eta astebetera egin zaio epaiketa salatu bakar legez geratu den Patxi Idiakez gazteari Donostiako Auzitegian. Fiskalaren galderen aurrean, gaztelerarik ez dakiela aitortu du, eta abokatuak hala eskatuta deklaratu du euskaraz. Gatzagak Zezilio anaiari eraso ziolako egin ziola aurre dio Idiakezek, ez zuela Gatzaga hiltzeko asmorik, norberaren defentsan egindako ekintza bat izan zela. Arratsaldean ezagutu da zigorra: hogeita bat urte eta sei hilabeteko kondena ezarri zaio Patxi Idiakez jeltzaleari.
Hurrengo egunetan espero ez bezalako neurria hartu du Idiakez aferak. Herri epaimahaia osatzen zuten zortzi lagunetatik seik eurek ez zutela erruduna zela esan adierazten dute publikoki. Euskara baino ez dakitela ordea, eta ezulertua edo norbaiten borondate gaiztoa egon dela diote. Donostiako El Día egunkariak kasuaren errebisioa eskatu du. Salaketako abokatu biak ere, Sotos eta Vega Seoane jaunak prest agertu dira.
Udaberriak gertaera gehiago ezagutu ditu. Gipuzku Buru Batzarrak mitinak eman ditu euskara tribunaletan onartua izan dadin eskatzeko. Prentsak Idiakez Ondarretako kartzelara bisitan joandako lagunen salaketaren berri jasotzen du: ez diete utzi euskaraz egiten euskaraz baino ez dakien presoarekin.
Idiakezen inguruan ez da etenik. 1933ko abuztuan, Santoñako El Dueso presondegira daramate. Trasladoaren berri izatean, bertan behera geratu dira Getariako jaiak. Mila getariarrek kasuaren berrazterketa bat eskatu dute. Hauteskundeetan, Idiakez Madrilgo Gorteetarako aurkezten dute hautagai.
Urtebetegarrenean berrikusi da kasua, Donostiako auzitegian ostera ere. Azpeitiko barrutiko biztanleak osatzen dute epaimahaia, gaztelera ondo dakitenak oraingoan denak. Defentsak Dreyffus aferarekin parekatzen du Idiakezen kasua. Ez da errugabetasuna frogatu nahi den gauza bakarra, Idiakezen ohore galdua berreskuratu nahi da aldeko sententziarekin batera. Egun berean, arratsaldeko zazpietarako eman da epaia: errugabea.
Ondarretako kartzelatik Getariara bidean, ilun dator mundua. Automobilaren argi gorrikarek bide ertzean gainera datozkion aurpegiak, ukitu nahi duten eskuak argitzen dituzte. Abertzaleak ongi etorria ematera leher hurrerartu zaizkio pasa den herri guztietatik.