1934 Mugan

Bidaiari sentimentalak

Paristik Espainiara bidean dela, begietan gatzatu zaiona pasatzen du paperera Alejo Carpentier kubatar idazleak. Halaxe emanen da argitara itsasoaz bestalde Carteles aldizkarian. Carpentierrek sentitu bezalaxe izanen dute Euskal Herriaren postal bat Kuban.

Baionan, txapelek eta abarketek iragartzen dute Euskal Herria. Begitarteek garbitasun etniko handiko ezaugarriak erakusten dituzte, alferrik bilatuko genuke antzekorik Parisko auzoetan.

Bai, Laurence Stern bezala, bidaiari sentimental legez agertzen da "ˇEcué-Yamba-O!"-ren egilea Euskal Herriak sortarazten dion zirrararen aurrean:

Itsasoa kukuka jolasten da trenarekin. Bi muinoren artean agertzen da bat-batean. Olibondoen (sic) ostean gordetzen da. Berriro agertzen da gure eskuinean, kizkur jonikoen ihesean uztartzen diren olatuekin... Nahiago dut hau, hain berde harro ezen ez Mediterraneoko urdin perfektuegia baino. Beharbada gogotik ezin ken dezakedalako ozeano hau berau dela gure Amerikak ezagutzen duena, eta nahikoa litzatekeelako marra zuzen bat egitea ortzemugarantz gure mundu berriaren itsasaldera heltzeko... Deblauki, itsasoa nekatu egiten da gure egonezinaz dostatzen. Hona hemen, oso, bete, biribil, isil keinurik gabe, Hendaian, trenbideko azken frantses herrian garela iragartzeko. Eta honekin batera –ikusmira ikaragarria- Pirinioak, osoro eder agertzen zaizkigunak gure begien aurrean. Nola ez dut izanen bada mira deiadarrik egiteko gogorik mendien edertasun betikoaren aurrean!.

Muga pasoa, Lizardik hamabi urte lehenago Donapaleura egin bidaian baino errazago zaio. Carpentierren kronikan ez da mugazainik, ez dago inolako arazorik lehen mailako bagoietan doazenekin. Esan dut, bidaiari sentimentala da... Etxepare mirikuaren "Berebilez"-en bezala, gehiago dago mugaren bi aldeen arteko kontrasteaz idazteko beste ezertaz baino:

Hondarribian, apaiz tripaundi bat agertzen da dotrina euskaraz errezitatzen duten umeen buru. (...) Bero errea dago. Atariak zarratuta daude. Etxeak hutsik daudela dirudi. Nola astandu ostatuen gonbidapena, barrikak, zahagiak eta kantxilak freskotasun altxorrak eskaintzen dituztela? Barne arkupe motzak, Valdepeñaseko promesak, gazta ikaragarrien atalak, urdaiazpikoak, txerrikiak, andoilak, librako ogiak, espainiar olibak. Bandera errepublikar bat. Eta arrantzale batzuk, itsas haizeak erretako aurpegiak, edontzi zakarrak arin husten diren mahai baten inguruan nagi...

Berriro trenean, bultzi leihotik ikusten duen Euskal Herria paisaia da batez ere, jenderik gabeko estanpa ikusgarria. Carpentierrek esana du zein den hirien arazoa eleberrien eszenategi izateko: zailagoak dira idazlea eroso ibil dadin. Horregatik maite du Panait Istrati eta honen mendi, landaretza, lapur eta koloreen mozkorraldia. Idazlea, beste nonbaiten esan duela uste du, aspertu egiten da Parisen.

Trenera itzultzen naiz. Orain hasten da Europan egin daitekeen bidaiarik ederrenetakoa: Pirinioen eta Euskal Herrian barrena doan bidea. Trena beti zuhaitzez beteriko mendiz itxitako bailara txikien, mendarteen, haitz arteko labirintuan sartzen da. (...) Astigarraga, Urnieta, Ormaiztegi, Tolosa, Beasain, Zumarraga... geltoki hauen artean inoiz geratuko ez garela seguru gauden herritxoak daude ezein bidetatik urrun.

Ezein bidetatik urrun... Lauaxetak badaki zer edo zer. "Bide Barrijak"-ek ez du ezer urratzerik izan. Orain, Lizardi hila, dena da Carpentierren leihotik bezain beltz.

Gure Mendea