1932 Donostia

Ezkioko agerpenak pantailan

Ezkiora bidean, dama zoragarri bat agertu zaie Ormaiztegiko ume biri, Andres eta Antonia Bereziartori. Karmelo Mendian bezala, Masabillen bezala, Portugaleko Fatiman nola, Ama Birjina da zuhaitz baten tronoan ume harrituei azaldu zaiena. Hamaika urte ditu mutilak, zazpi neskak, eta errosario ordua da, zortzi eta erdiak.

Agerpenaren lehen ahomenekin bete da automobilez eta ikusminez Anduaga muinoa. Bideak betean etorri da jendea. Uztaileko bigarren igandean, hogei mila lagun eta mila kotxetik gora zenbatu dituzte mikeleteek Ormaiztegiko postuan. Jendez gainezka dira tabernak. Arin ibili dira baserrietan logelak eskaintzen. Donostiatik Ezkiora doazen autobusen publizitatez bete dira egunkariak:

Auto-Car a Ezquioga. Salida diaria a las cinco y media. Regreso a las diez de la noche. Billetes e informes: Olasagasti y Peña. Oquendo 12- Citroen. Telefono: 1-29-01. San Sebastián.

Eta orrialde berean, konpetentzia eginez:

Auto-Car a Ezquioga. Nueve pesetas asiento. Salida cinco y media de la tarde de la Plaza Guipuzcoa. Garage San Martín y Gómez. Ramón y Cajal 5. Teléfono: 14.569. San Sebastián.

1931ko uztail guztian, jende emana da Ama Birjina ikusten duela dioena. Hilaren hamaikan, Ataungo Franzisko Goikoetxea jausi da begiak zuri.

— Ama, ama!

— Ederra da? —diotse.

— Bai, bai...

Eta kamerak gertaeren lekuko zorrotz izanagatik, ez dute irudia harrapatzen. Arrazoia? El Día-rako argazkiak atera behar dituen Aurelio Cabezón gaztea, jende artean begiak zuri erori da bera ere.

Nolatan agertzen da Ama Birjina arbola horren gainean bada? hurbildu zaie txantxetan hamazortzi urteko argazkilaria inguruan dituen neska gazteei.

Esan eta gertatu bat izan da. Bat-batean, nahastuta agertzen da. Lau edo bost bonbilla elektriko ikusi ditu zuhaitz gainean.

Ez dituzue argiak ikusten?

Non? diotse gazteek.

Arbola haren gainean!

Neskek barre txikiak egin eta maldan behera hartu dute. Zein txoroa den argazkilari gaztea!

Cabezónentzat, argiak desagertu egin dira, eta haien tokian Dama Zuria agertu da. Halako batean, figurak mendirantz egin du, hamar bat zentimetro lur gainetik. Cabezón errenditu ezinik jarri eta nobedadeak emanda, zapo jausi da. Medikuek hartaratu dute. Lauhazka datorren zaldi baten pultsua du. Irakurleak beste egun bat itxaron beharko du Ezkiokoa ikusi nahi badu. Argazkiak hurrengo egunean argitaratu dira.

«Sobre los árboles que aparecen a la izquierda de la fotografía se sitúa la aparición, según referencias de los que aseguran haberla visto (Photo-Carte)».

Ikuskizunak mundua biltzen du bertan. Hilaren hamaseian berrogei mila lagun bildu dira, mila eta bostehun auto, laurehun autobus... Uztaileko azken egunek, lekukoen izen berriak dakartzate: Iñaki Laka umeak bost izarreko koroa daraman Doloretako Ama ikusi du, Nafarroako Errozeko Jesus Ruizek eta Jesus Rodriguez txoferrak inoizko emakumerik ederrena izan dute begi aurrean, beso artean Jesus haurra duela. Medikuek Beizamako Ramona Olazabalen estigmatizazioak aztertzen dituzte. Jujeak sartu dira tartean. Zauriak gillette batez egin dituela zabaldu da...


Andres eta Antonia Bereziarto.

Gertaerak hasi eta urtebetera, eta Ezkioko garrei errautsa emate aldera, Aita Laburu jesuita biologoak hitzaldi entzutetsua eman du Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Eliza katolikoak eman dituen debekuak gogorarazi ditu aurrena. Gero berak errodatutako hiru filma erakutsi ditu. Lehenengo bietan, Ezkioko Anduagan hartutako irudiak eman ditu. Hirugarrengoan, Txileko Santiagoko ospitale psikiatriko batean ateratako irudiak ikusi ahal izan dira. Filmok erkatuz, Txileko gaixoen eta Ezkioko bidenteen arteko konparazioa baino ez du egin nahi, Anduagan amarru asko dagoela erakutsi nahian bezala.

«Ikus ezazue nola behatzen duen kamarara saiheska» gaztigatzen du Ezkioko ikusleak seinalatuz.

Dena da gezurra eta zikina Ezkion.

«Ama Birjinak gaueko hamarretan jendetza hori horrela egotea nahi izatea ere!» diotso ironiaz bere hitzak txaloka hartzen dituen entzuleriari.

Gure Mendea