1932 Madril


Xabier Lizardi.

Olerkari bat legebiltzarrean

Idazlea dela erakusteko dakartza bere hitz lauzko lanak prentsa abertzalera Xabier Lizardik. Olerkaria dela, badaki. Goren mailakoa dela, Lauaxetak idatzi du herenegun bertan "Biotz-Begietan"-en argitalpena dela-eta Euzkadi-n emandako artikulu batean. Eta bihotzez baino begiz idazten du Madrilgo legebiltzarretik. Distantziatik idazten du, hoztasunez behatzeko eskubidea ematen dio arrotz sentitzeak, baina hala da, esan beharra dago, «au ez duk gure etxea».

Ez duela han esaten denak berebiziko garrantzirik, ironia fina harrapatuz baino ez daki euskal irakurleak. Ezagun du, ez da Espainiako Parlamentua estuegi hartzeko tokia. Izan ere, nola hartu aintzakotzat katoliko eta abertzale izateagatik «arpetarrak» deitzen dituzten hitz jario errazeko biltzarkide haiek? Diputatuek lanerako erakusten duten gogoa, irakurleak irriz hartuko duen konparaketa polita egiteko aukera eman diote: «Aldunak bakarka ta nekez datoz txita aseak ore ondakiñetara bezela». Esan da, distantzia da libre eta samur bihurtzen diona luma: «Baña orra Lendakaria bera ere, dagoaneko; Besteiro yauna, alegia: soinketa neke-antx pinpirinez badator aulkira. Nik, begiak ezo-dirdaika, begiratzen diot: orain zenbait urte, Lojikan silojismo bat askatzen enakielarik, sobresaliente eman zidanez gero, xamurbera natzaio».

Besteiro, Azaña, Maura, Marañon, Campoamor, Nelken, Ortega y Gasset, Abadal... izen handi asko dira gizatasunez apaindutako deskripzioz ematen dituenak. Ez da Lizardiren hitzetan min egiteko asmorik, nahikoa du begiradak ematen dion askatasunaren jabe dela jakitearekin. Horra xalotasunaren indarra. Jolas moduan hartu duela ere esan daiteke, egunkarietako komikietatik ezagutzen dituen pertsonaiak hezur-mamituta ikusten eman baitu arratsaldea. Eta guztien artean, han ezagutu du Unamuno ere, oraindik honek jakin gabetan poema baten protagonista egin dena Euskal Herriko liburudendetan salmentan jarri berri den "Biotz-Begietan"-en:

Ez urrun, "gure" Unamuno ere. Agure orrek badik, orratik, puskaterako osasuna; oldozbearrak ez al dik gizona asko ondatzen. Ille bizar txurien esi barnean, aurpegiazala, aulkien gorria bera lotsarazterañokoa, ageri du.

Ezin ukatu, gaiztoa da Lizardiren luma bere finean:

An dator Campoamor andereñoa. Or, apaiz lodikote bat: irrimarrez ezaguna det, baña izena aaztu. Urrena, Nelken andereño liraña (zerbait esan bear emakumezkoari, polita ez danean)...

Ironia-ariketa hutsetik haratago doa Espainiako II Errepublikako parlamentuko saioaren kronika hau. Hala atera zaio, hitzezko argazki bat. Ortega y Gasset-en ordu eta erdiko hitzaldia da Kataluniako eta Espainiako abertzaletasunak konparatzen, haiena gutxiesten Lizardiri ezagunak egiten zaizkion argudioekin. Campalans sozialista kataluniarraren erantzuna da, Sánchez Román-en argudio bide baldresa, Lliga-ko Abadal-en ahalegina...

Euskal kazetaritzan mugarria ezartzera datorren kronika da "Etxe-Barne bizia". Lizardi kazetariak Lizardi olerkaria berdindu du. Izan ere, ikaragarria da zintzotasun gizatiarrak lor dezakeena. Sotiltasunak egiten du handi (orduan ohartu da irakurlea Etxepare mirikuaren "Amodioa"-n bezalaxe amaitu duela Lizardik bere lana, garagardo baten eske):

Lau ordu t'erdiko egonaldi ederra egiñik nago, ta utziko al didazute kaña batzu artzera yoaten.

Ta orain Erkalaren babesgarri-legea ez al didate ezarriko, legegin begiragarriok ikusi bezelaxe antzeztu ditudala-ta.

Gure Mendea