1931 Azpeitia

Sei bertso errepublikano

Alfonso XIII. Parisko erbesteaz gozatzen, ekainean Madrilgo parlamentu berrirako egin den hauteskunde kanpainan errepublikazaleak mitin bat ematera etorriak dira Azpeitira. Giroa ez da inondik ere gozoa. Eusko Ikaskuntzak Lizarran aurkeztu duen estatutu proiektuaz dituzten iritzi kontrajarriek eta gobernuak Mateo Mujika Gasteizko apezpikua bortxaz erbesteratzeak guztiz zatartu dituzte errepublikano eta jeltzaleen arteko harremanak. Mitina hasi aurretik, abertzaleek eraso egin diete, eta jipoituta, herritik kanporako bidea erakutsi. Handik egun batzuetara, Azpeitian izan den Joxe Mari Lopetegi irundar kontratistak sei bertsook eman ditu uztailaren 4ko Irún Republicano astekarian.

Nazi hitza bertsotan erabiltzen den aurreneko aldia da.

- 1 -

Zer buruzbide biyotz gabe,
zer anaitasun zitala,
zer gizontasun neurri gabea,
zer zentzu gabeko ergela;
zer gertatzen da Euskal Erriyan,
zer garabiltza onela,
zer itxuretan anai jatorrak,
zer pakez ezin gaudela,
zer esan nai du jarraikera onek,
zer, zentzu gabeak gerala.

- 2 -

Nun gertatu da onelakorik,
nun jaunak, nun, Azpeitiyan,
jesuita ta erlijiyua
besterik ez dan tokiyan;
Askatasunaz gaudezelako
lau lagun aruntz joan giñan,
gure barrengo fede leyala
aitortutzera itz biyan,
ekin ziguten laueri millak
guztiz modu itsusiyan.

- 3 -

Gugandu ziran atzaparrakin
lepotik ito nayean,
udazkenean nola enarak
alanbrearen gañean,
itz bat egiten utzi nai ezik
modurik okerrenean,
odolean eziñ irukirikan
miñ zutela barrenean,
beldur ziraden biurtutzeko
nonbait gure esanean.

- 4 -

Garate jauna Bergarakua
euskaldun jatorra berez,
euskalduna bai ezkerrekoa
apaizak ekusi nai ez;
eldu ziyoten zamarratikan
lau puska egin bearrez,
Santakruz zanen odol beretik
nazi dira nere ustez,
Aita Inaziyo sortu Erriyan
biyotz onekuak daudez.

- 5 -

Gomendio zan onen laguna
jaun on bat oñatearra,
otzikan gabe laja diyote
gizajoari bizkarra;
tira ta bultza autsi ziyoten
soñian zeukan zamarra,
ekustearren zeñen pizkorra
berez dan Azpeiti arra,
Askatasuna indartutzeko
ez dago kuadrilla txarra.

- 6 -

Milla baziran lau zatitzeko,
ez al da lotsa Euskalduna,
atze-erriyetan ai zer fama guk
iruki bear deguna;
au al lege erlijiyuak
erakutsitzen dizuna,
modu orretan baldin badabill
maltzur zar biyotz astuna,
bide ortatik ez da etorko
Euzkadin Askatasuna.

Gure Mendea