1930
Errenteria
Lehen Olerti Eguna
Mundua bildu da Errenterian ekainaren batean. Euskaltzaleak elkarteak antolatu duen lehen "Olerti Eguna"-k idazlerik entzutetsuenak bertaratzea lortu du. Madalena karrikan gora eta behera dabiltza Lizardi, Lauaxeta, Orixe, Jakakortajarena, Loidi, Tapia... Elizkizunak olerki irakurketei, bertsolariei eta elebitasunaren aldeko mitinari eman die bidea. Lehiaketan, Estepan Urkiaga, Lauaxeta gertatu da irabazle, "Maitale Kuttuna" olerki finarekin. Orixeren "Itzai zekena"-rentzat izan da bigarren saria.

Lizardi, Orixe, Gregorio
Mujika, A. Anabitarte, Migel Urreta eta
A. Pagoaga, besteak beste, Lehen Olerti Egunean, Errenterian.
Beren beregi aukeratu da Errenteria gaurko eguna ospatzeko. Parrokia aurreko etxean sortua da Luis Jauregi, Jautarkol. Ez da urtebeterik oraino "Biozkadak" olerti liburua eman duela argitara. Eta euskal olerkigintza bizitu duen liburu delako hartu da "Olerti Eguna" haren jaioterrian egiteko erabakia. Sinbolo gisa beste ezer baino gehiago. Poesia garai berrien iratzarle.
Pizkunde honen oinarri-oinarrian Aitzolek poesiaz duen iritzia dago. Herder-en teoria erromantikoekiko zordun, Europa berrian sortu diren estatu gazteetan du begia. Aitzoli irakurrita, askatasuna lortu duten herriak eta olerkari nazionalak uztartzen ikasi du azkenaldian euskaldunak: Eslovakia eta Kollar, Polonia eta Mickiewicz, Norvegia eta Aasen, baina batez ere Finlandia eta Lönnrot. Aitzolentzat, Euskal Herria bezalako herriek badute euren volksgeist-a, euren arima propiala. Poesiari dagokio hori manera estetiko batean eman eta gatibu den herria lozorrotik ateratzea.
Garai egokia dirudi intsurjentzia literariorako Aitzolek hautatu duen hau. Lan berri asko eman da argitara azken bolada honetan. Poesian Jautarkolen "Biozkadak" (1929) eta Emeterio Arreseren "Txindor" (1928) eman dira argitara. Kontagintzan Gregorio Mujikaren "Pernando Amezketarra" (1927) eta Pablo Zamarriparen "Zaparradak" (1926). Itzulpengintzak aurrerapauso nabarmena eman du: Orixek "Tormesīko Itsu-mutilla" (1929) itzuli du, Irigaraik "Kixotearen atal bat" (1929), Larrekoetxeak Grimm anaien berrogeita hamar ipuin ekarri ditu euskarara (1929), Altunak Oscar Wilde (1927)... Euskararen inguruko ospakizunak ere nabarmen ugaritu dira 1926an Angel Osoro buru zela Elgoibarko Sallobente auzoan antolatu zen jai hartatik. Honen orpotik, 1927ko irailaren 4an Arrasaten egin zen Euskararen Egunak arrakasta itzela lortu zuen. Egun hauen antolaketak Euskaltzaleak elkartea sortzea eta indartzea ekarri du. Ekinaldi berrien garaia da: "Haur Euskaldunaren Eguna" (1929), euskal kazetaritza sustatzeko antolaturiko "Kirikiño Saria" (1929), "Homenaje de la Mujer al Euskara" (1930). Udalen eta diputazioen partehartzeak baikortasuna ere harrotu dute...
Garai oparoa 1930 hau. Martxoan Euskaltzaleak elkartea Zumarragan egin duen batzarrean ehun bazkide doi izatetik bi milatik gora izatera pasatu da. Apurka bada ere, gizarte osoa da lozorrotik esnatzen hasi dena. Lan handia dago egiteko oraindik, baina prentsatik ahal den guztia egiten da. Errenterian, Euskal Olerti Egunera hurbildu den askok gaur bertan kaleratu den egunkari berri bat darama jakako poltsikoan. Aitzolek ezin hobeto biribildu du dena. El Día ateratzea lortu da azkenik, jeltzaleek Gipuzkoan behar zuten egunkaria.