1929
San
Juan de Pasto

Argia enborpean
Kolonbiar Andeetan, Ekuadorreko ipar mugatik ez oso urruti, urrats nekatua dakar Plazido Mujikak. San Juan de Pasto-tik irten du, mendi-herri batera heltzeko asmotan dabil. Bidezidorrean aurrera jo ahala, irteeran izan dituen susmoak betetzen doazkio. Bidea hagitzez luzeagoa egiten da hiru mila metrotik gorako malkarretan barrena. Hogeita hiru urteko jesuita zailduak lurrari kentzen dion pauso bakoitzak munduaren zama du, eta nekea atseden beharrean da. Hala esertzen da bide ertzeko enbor etzan baten gainean, zangoak luze, hatsa estu.
Bat-batean, nola ez dakiela, beste enbor baten azpian erdi gorderik ikusi duen paper zatian gozatu zaizkio begiak, han hartu dute atseden. Kolorge, zahar, prentsa orri bat dirudienak zer dioen jasotzeko makurtu da misioetan dabilen jesuita akitua. Begiak izenburuko letrak josten hasi direnean, hotzikara arrotz batek hartu du. Begiak bildu ditu. Ezin sinets lezake irakurri duena: Argia. Donostian zortzi urte lehenago Bitor Garitaonandiak sorturiko aldizkariaren orri bat da, haizeak Euskal Herritik Jainkoak bakarrik daki nola ekarria.
Orriak bide luzea egin du zinez. Bistan da, ez da Mujika Galeras sumendiaren arnaspean ibili den euskaldun bakarra. Oihanbide bertatik igaro izan da ez aspaldira arte Santa Kruz apaiza astean birritan. Larunbatero, departamentuko zaldirik onenean, Bayo bipilaren gainean (badira historiak harrigarriro elkartzen dituen izenak!) egiten zuen berak sortutako San Ignacio misiorako bidea. Bost ordu guztira. Igandeetan itzultzen zen hiriburura.
Erbestean 1874tik, hamabost urte egin zituen jesuitekin misiolari Karibean. Kolonbia hegoaldean, Nariño beti harrigarrian eman zituen bere azken urteak, harik eta 1926ko abuztuaren hamarrean hil zen arte, 86 urtetan. Mujika gazteak ez zuen bizirik ezagutu, eta "Museo Santacruciano"-an utzi behar izan zuen Alfonso XIII.ak harentzat opari emandako zilarrezko korneta. Bi Argia ale jasotzen zituen Santa Kruzek, zortzi egunetik behin Donostiatik eta Bilbotik igorriak. Irakurri ostean, mendirako anoa biltzeko erabiltzen zituen gero.
Orain, Santa Kruzen astekariaren orriak dar-dar egiten du Plazido Mujikaren esku urdurien artean. Behin eta berriro irakurtzen du mantxeta, eta etxetik urrun delako edo, argia hitzak zaparradan dakarzkio beste asko. Euskal berbak etxetik kanpo dabilenarentzat. Orduan, ideia pindar bat bezala sortu zaio. Eta ideia erabaki bilakatu da: Euskal Herrira itzuli eta batera gaztelera-euskara hiztegi bat egiteari ekinen dio.
Ez da lan samurra. Euskal Herrian, kasik hogeita bost urte lehenago Resurreccion Maria Azkuek Tours-en inprimarazi zituen mila eta bostehun hiztegietarik, asko dira oraindik ere saldu ezinik liburudendetako apalak betetzen dituztenak.