1928
Bilbo
Ai, basterretxetarren janzkerak!
Hirirako joera du zinemak. Hiria mugimendua da, bizitasuna, batera eta bestera dabilen jendea, eta zelan bestela, aurrerapen teknologikoen atelier eta erakusleiho. Euskal Herrian, Isaac Diez aktore eta zuzendariak Gasteizen girotu du bere lanik garrantzitsuena, "Josetxu". 1918an estreinatu zen filma honetan Gasteizek ematen dio arnasa zintari, gasteiztarrak dira aktoreak eta musikariak. Urte batzuk lehenago, 1911n, Bilbon eta Donostian hartu zituen Fructuoso Gelabert zinemagile kataluniarrak bere dokumental laburretarako irudiak. Garai bertsukoa da Iruñean "Sanfermines" filmatzeko erabili zenekoa. Baionak lehen errealizatzaileak eman ditu: Henry Roussel, Marie Louise Iribe, baina batez ere Ferdinand Guillaume.

Denen artean, Bilbo da ordea zinema gertuenetik ezagutu duen euskal hiria. Bilbokoa da lehen zinema-etxea, Bilbokoa lehen fikziozko filma, Aureliano Gonzalez eta Alejandro Olabarriaren "Un drama en Bilbao". Dena den, 1924an filmaturiko "Edurne, modista bilbaina" izan da Bilbo eta Olimpia aretoko estreinaldira hurbildu diren ikusleak arte berriarekin hartu-eman onetan jarri dituena. Estreinaldiko harrera beroaren ostean, hiria gainditu eta herri askotan eman da filma. Bilbon eta Donostian ez ezik Barakaldon eta Portugaleteko meategi eta fabrika artean ere girotua, arrakastatsua gertatu da artista profesionalik gabe eta laguntza ments Gil de Espinar-ek filmatu duen lan hau.
Eta Gil de Espinar-en laguntzaile izana da Mauro Azkona, orain estreinaldiaren ostean, prentsak Barakaldoko Griffith deitzen duen zuzendaria. Mauro eta bere anaia Victorrek filmatu duten "El Mayorazgo de Basterretxe" Pierre Lhanderen "Mirentxu" eleberriaren egokitzapena da, egun arte Euskal Herrian egin den filmik goraminena. Basterretxeren istorioarekin, hiritik ihes egin dute Azkona anaiek. Zintak Aizgorri ustezko herrian bizi den sendi zoriontsu baten gorabeherak kontatzen ditu, basterretxetarrena.
Gidoia, maitasunaren gorazarrearen eta lukurreria salaketaren artean kulunkatzen da. Hara: Maritxu, Basterretxeko alaba, Txominez dago maiteminduta. Haren neba Josetxu aldiz, itsasoaz. Eta hau da hain zuzen ere Don Timoteo lukurrak baliatuko duen gertaera Basterretxez jabetzeko. Egun batez, hilik agertuko da etxejauna, Tasio. Errua Txomini egotziko zaio, Maritxuk ez badu ere inoiz erruduna dela sinetsiko. Hondamendia handitzeko, Josetxuk Don Timoteorekin dituen zorrak kitatu ezinik, Basterretxe galtzen du. Bien bitartean, Txomin aldatu egin da, eta osaba baten etxean denboraldi bat igaro ostean, oso bestelako, jantziago agertuko da Aizgorrin. Osabaren diruarekin eginen dio aurre basterretxetarren zorrari. Hilketaz berriz... alkateak Don Tasio atxilotzeko aginduko du. Horrela konpondu da dena Basterretxen, etxea eta maitasuna, oraina eta etorkizuna.
Ez da langintza erraza izan filma burutzea. Zinemaren euskal hiri izan nahi duen Bilbon, nekazarien janzkeren beldurra dago. Halako gisaz ibili dira, noski, aktoreak jantzita. Horregatik, agintaritzatik ezartzen diren manuek salatzen dute egoeraren bitxia. Gobernadore zibilak ikurrina erakusteko debekuari Bilboko kaleetan aktoreak "etnografikoki jantzita" ibiltzearena gehitu behar zaio.