1928 Paris

Bolero bat euskaldunontzat

Ziburuko lehen argietara ohitzeko astirik gabe eraman zuten Parisera hiru hilabeteko haurra aitaren lantoki berria zela-eta. Aita, Joseph Ravel, suitzarra zen, asmatzailea eta tren-ingeniari ona. Ama Marie Deluarte deitzen zen, eta euskalduna zuen, Donibane-Lohizunekoa. Horrela, Lapurdiko kostaldeko urdinkara ninietan eta sustraiak arrastaka heldu zen Parisera iragan mendearen azken laurdenean Maurice Ravel.

Gazterik hasi zen musikarekin harremanetan. Hamahiru urte zituenekoak ditu lehen piezak, gauza finak, minuetoak, Grieg-en eta Schumann-en gaiak pianorako egokituak. Kontserbatorioan lehenik eta Gabriel Fauré-ren eskoletan geroxeago, espresabide berrietara zabaldu gogo du. Ordukoa du Wagner, Chabrier edota Satie-ren lanekiko duen zor handia. Garaiotan ezagutu zuen eskola errusiarraren emana. Literaturan, oso maiteak izan ditu beti Baudelaire, Poe, Mallarmé... akademizismo hutsetik haratago mende berriari zabaltzen zaizkion joera artistiko oro.

Eta ezagun du. Hautatu duen esperimentazio bideagatik ez diote inoiz kontserbatorioko Roma Saria eman. Bere lanei ezartzen dizkien tituluak ere, poetikotasun ezin ezkutatuzkoak dira: "Manteau de fleurs: Toutes les fleurs de mon jardin sont roses", "La flûte enchantée: L'ombre est douce et ton maître dort", "L'indifférent: tes yeux sont doux comme ceux d'une fille", "Oiseaux tristes", "Une barque sur l'océan"... nola esan, iraultza estetiko bat da Ravelek musika garaikideari dakarkiona.

Gerla Handia lehertzen denerako, Maurice Ravel bada nor Frantzian. Modernismoak Europako arte joera interesgarrienekin lotu du. Paris jo duten Errusiako balletek begimintzak gozatzen dizkiote. Hala egin da Diaghilev-en adiskide. Ematen dituen lanen fintasunak Stravinski-k suitzar erloju batena dirudiela gogorarazten duela dioenean, berak aitagatik dela dio. Eta ez du oker ibili behar.

Gerra ostean, gauza asko aldatu da Ravelen bizitzan. Disenteriaz gaixo, amaren heriotzak jota, Debussy hil ondoren Frantziako lehen musikari gisa hartu izan dena bere obra nagusia egiten ari da. Publikoak ondo gogoan du "La valse", melodia hotz, jolas geometriko hura, orain arte inon egin den balsik fin eta hauskorrena. 1928an, Espainia hegoaldera eginiko bidaia batean bolero bat dantzan ikusi duen emakume ijitoaren erritmoak durduzatu du. Gertaera horrek eman dio bide Ida Rubinstein dantzariarentzat piano eta orkestrarako "Bolero"-a konposatzeko. Bilduz, bilduz, melodia obsesiboak hipnotizatu egiten du entzulea. Jolasa da, baina zaina du agerian.


Maurice Ravel bi pilotari-bikoteren artean, Ziburun omendu zuten egunean.

 

Eta aitarengandik jolas mekanikoetarako jaidura eta suitzar erlojugileen artea jaso badu, modernista ororen ametsa, alegia, Paristik hegoaldera behatzeko aukera, Euskal Herriarekiko maitasuna hartu du amarengandik. Amaitu ez duen pieza bat ere eskaini nahi izan dio beti han den lurrari, "Zazpiak bat". Ia udaro hurreratzen da Donibane-Lohizunera. Pilotazale amorratua da, maite ditu euskal jaiak, eta amaren bularretik ikasitako hizkuntzan ere aritzen da inoiz. Lapurdin dela, euskaldun sentitzen da. Eugène Cools adiskideari Aita Donostiaren berri eman behar diola-eta, aberkide moduan aurkezten du, "compatriote", mugaren bi aldeetan direla euskaldunak agertu nahian euskaldunaz gutxi dakien bati: "Tu sais, nous avons deux patries".

Bi aberri... ez da aurkezpen txarra. Bat ere ez edukitzearen adinakoa bada.

Gure Mendea