1926 Eibar


Indalezio Ojanguren Kajoitxu.

Kajoitxu, argazkilaria

Ehundaka lagun bildu dira Izarraitz mendian Indalezio Ojangureni egindako omenaldian. Bera izan da "Ehun mendiak" zerrendako gailur guztiak zapaltzen aurreneko gipuzkoarra, eta Madariaga auzoan izan den oturuntzean eskertzen zaio mendizaletasuna hedatzen egin duen lan eskerga. Tolosako mendizaleek koadro bat opari egiten diote, Gipuzkoako lehendakariaren eskutik jaso du federatutako berrogei elkartek eskaintzen dioten albuma. Ez alferrik, gizon ezaguna da Indalezio Ojanguren Euskal Herri guztian. Oñatiko Musika Bandako zuzendariak, Jesus Lasagabasterrek, martxa bat ere egin dio...

Mendian ibiltzeko zaletasuna ez du baina gaur goizekoa. Eibarko GAC lantegian errebolberrendako katuak egiten ziharduela, gaixotu eta sendagilearen esana betetzearren ekin zion mendian ibiltzeari. Harrezkero, mendia izan du pasio bide. Mendia eta argazkigintza.

Honela, mendi gailurrak bezain sutsuki bildu ditu beti aldean daraman kameraz han hemenka ostu ahal izan dituen irudi guztiak: paisajeak, mendi gailurrak, baserriak, armarriak, elizak, baselizak, ohiturak, herriko jendea, monumentuak, gertaerak... Euskal Herrikoak batez ere, Eibarkoak bereziki.

1908an argitaratu zioten lehenbiziko argazkia Madrilgo ABC egunkarian (Eibarren gertatuko uholde, ufala bat). Asko etorri ziren haren ostean, ehundaka, milaka Lehen Mundu Gerraren osteko industria krisiak behargin asko lan barik laga eta estudioa muntatuta argazkilaritza ogibidetzat hartu zuenetik.

1914 eta 1915 bitartean Gipuzkoa guztia ibili zuen "Álbum gráfico descriptivo de Guipúzcoa"-rako erretratuak ateratzen. Lan bertsua egin zuen Bizkaian 1918 eta 1919 bitartean. Tartean, sariak eta egin lanari onespen ugari jaso ditu. Aurten, Eusko Ikaskuntzaren laugarren batzarraren karietara, erreportajeei dagokien lehen saria eman diote. Donostiako CATek beste domina bat ere eman dio armarri heraldikoei buruz egindako lanagatik.

Gizon umoretsua, argia da gertatzen ari den mundua betirako plaketan gera dadin arduratuta dabilen Indalezio Ojanguren. Berari esker ezagutzen da hobeto iragana. Berari esker eginen da oraina etorkizuneko. Eta halaz ere, penatxo du gertaera asko harrapatu ezin izan dituelako:

«Zenbat bihar egingo nukean nik, biharra egin beharrik izan ez banu!» azalduko dizu zirikatzaile bere artxiboa ezagutzera bazaramatza.

Eta hala doakio eguneroko martxa argazkigintza eta mendizaletasuna, gizarte industrialaren emaitza nagusienetarik ederrenetako bi uztartzen saiatzen den Indalezio Ojangureni. Euskal Herrian ez eze kanpoan ere, El fotógrafo águila deitzen dute, goitizen epikoa inon epikorik bada. Eibarren, bere jaioterrian, gurago dute Kajoitxu deitu, beti aldean daraman makina miresgarri horri dion maitasunagatik.

Gure Mendea