1924 Madril

Dekoratu faltsu bat

Ederra da Madril irailean. Biba eta txalo artean estreinatu da Contreras eta Lopez de Sáa-ren "La muerte del Ruiseñor", Julian Gaiarre tenorearen —gure beste Urretxindorra, Erronkarikoa— bizitza erakutsi nahi duen komedia musikala. Obrarekin, Gaiarreren jaioterrira, Erronkarira hurreratu da ordu pare batez bada ere, espainiar ikuslea.

Ez da Nafarroa dekoratu gisa hartzen den lehen aldia. Fructuoso Gelabert-ek 1911n filmaturiko "Sanfermines", "Irati" eta "Del Roncal a Ustárroz"-ez gain, bi zarzuela ere badira aurretik, pasa den mendekoak biak. Bata "El molinero de Subiza" da, Oubrid eta Egilaz-ena. XII. mendean girotutako trama honetan, Don García eta Doña Blanca-ren maitasun kontuak dira agertoki gainean ematen direnak. "La Bruja" da bestea, Chapí-ren musikaz eta Ramos Carrión-en libretoaz 1887an estreinatu zena. Dirudienez, 82ko Sanferminetan izan zuen iturburua, Gaiarre, Sarasate, Chapí, Arrieta, Zabalza, Perez eta Ramos Carrión elkarrekin bildu ziren batean. Omenaldi gisa idatzia, Chapí-k Gaiarreri eta Ramos Carrión-ek Sarasateri zioten begirunetik sortua da "La Bruja", Pirinioetako giroz jantzi nahi izan zen zarzuela. Erronkarin kokatzeko gogoa edukiagatik, ez zen Erronkaririk agertuko Madrilen. "La Bruja" Carlos II.aren eta Inkisizioaren garaian giroturik dago. Iruleak eta pilotariak erakusten dira bertan, jauntxoak, kapitainak, artzainak, fraideak eta belagileak. Intxixuez hitz egiten da, bizirik azalduko diren hildakoez. Eta jotek hartzen dute XVII. mendeko azken hondarretan girotutako antzokia. Jotak Nafarroan XIX. mendean sartu baziren ere...


Julian Gaiarre.

 

Hauen bien bide beretik, "La muerte del Ruiseñor" antzezlan bitxia da inondik ere. Eta Contreras eta Lopez de Sáa-k Julio Encisok Julian Gaiarrez idatziriko biografia irakurri badute ere, ezagun da ez direla inoiz Erronkarin izan. Hitzez hitz ematen dut:

La escena representa la herrería del tío Gerancio. Al fondo, paisaje feracísimo del valle de Roncal. Cielo luminoso. Montañas rocosas cubiertas de verdura y arbustos que crecen en los barrancales... Cobertizo con emparrado y balconcito sobre el emparrado.

Madrilen baino ez dakite Erronkarin ez dakitena, alegia, paisaia joria dela Eska ibaiaren hegietan eta mahatsa hazten dela balkoipeetan...

Ez da paisaia errealita-tearekin bat ez datorren bakarra. Pertsonaien karak-terizazioa ez ezik hizkera bera ere balkoipeko mahatsa bezain harrigarri egiten da. Antonio da mintzo dena, ferratokikoa: «Mas quiero estas paredes de piedra rasa y engatillá que tós los dineros y tós los oros, como no sean los del mus frente a una pinta de chacolí». Eta hiru pitxar txakolin edan balitu bezala agurtzen da: «Agur y a hasta dimpues». Honelakoa da "La muerte del Ruiseñor"-ek duen airea. Kostunbrismoaren legeetan, dena da balekoa, euskara ustekoa eta Aragoiko hizkera dira kolorea, extremeñoa eta asturiarra nahasian. Hala da, periferia guztiak dira antzeko erditik behatuta.

Valle Inclán-ek urte batzuk lehenago Euskal Herri karlistan girotutako "El Resplandor de la Hoguera"-n bezalaxe, "La muerte del Ruiseñor"-en dena da asmatua: ibai-malda emankorrak, mahatsa, txakolina, interjekzioak eta pertsonaien berbetea. Beste mundu bat da Gaiarreren Erronkariren izenean Madrilen saltzen dena. Egia da, distantziak ez du laguntzen. Anakronismoa dohaina da. Kostun-brismoa itsuskeria irrigarria.

Ez da langintza erraza, ozta baten azartatzen da horrelakoetan. Izan ere, nola bildu bestela Madrilerako Errusiako tsarren aurrean aita hizkuntza ezezagun batean agurtu zuen Julian Gaiarre hura? Nola etxetik lekora hain euskaltasun bizi, bonvivant, iraingarria agertzen duen Urretxindorra?

Barcelona, 19 de diciembre, 1884.

Ene tía Juana maitia:

Eugenia sin da arro onqui. Quemen gaude anisco ongui guciac eta ori nola dago? Nai din sin cona ichasoaren ecustra? Anisco andia da, tia Juana. Nai badu nic dud anisco deiru orentaco vidagearen pagateco quemengo ostatiaren pagataco. Ezdi eguiten quemen ozic batrere, chatan degu quemen anisco onqui eta guero artan dugu iror nescache postretaco eta gazte eta polit ˇHa! Cer vizia! ˇTia Juana maitia, amar urte chiquiago bagunu...! Gorainzi guzientaco eta piyco bat nescachi pollit erroncari guziar.

Gure Mendea