1920
Azkoitia
Harriak negarrez
Gerla Handiak Hego Euskal Herrian utzitako oparoaldia ura atzamar artetik bezalaxe joan da. Versailles-en sinatutako bakearekin, Hego Euskal Herriko obreroen bizi baldintzek okerrera egin dute ostera ere. Langabezia gogoz dator ate joka fabriketara.
Haatik, mugimendu sindikalak urruti ibili dira barealdirik ezagutzetik. Militanteak antolatzen eman dituzte azken urteak. Orain, gerra amaitu denetik, areagotu egin dira langile eta ugazaben arteko gatazkak. 1918an soilik, hogeita hamasei greba ezagutu ditu Bizkaiak, CNTk eta UGTk baino aurrera atera ez dituztenak gehienak. Baina hilabeteak joan ahala, egoera ekonomikoa ezin eramangaitzagoa bihurtu da, eta ELA eta gainontzeko sindikatu katolikoen inplikazioa antolatutako protesta ekintzetan azkartuz joan da ezinbestean.
Gerraosteko krisiak miseria harrotzen duenetik, gero eta indartsuagoak dira batean zein bestean sortzen diren protestak. Huelga da armarik erabilgarriena gehienetan. Hala atera dira kalera Bergaran ehungintzako langileak, hala Bilboko eraikuntzakoak. Goseak Pasaiako eta Errenteriako metalgintzako langileak bultzatu ditu kalera. Gipuzkoa barnealdean, Azkoitiko abarketa fabriketako makinistak dira urrian bizi-baldintza duinen alde lan egiteari utzi diotenak.
Langileen grebaldi luzeari lock-out-arekin, fabrikako ateak zarratzearekin erantzun diote nagusiek. Errepresioa gogorra izan da. Urriaren seian, Guardia Zibilak tailer aurrean bildutako lagunen kontra tiro egin eta zazpi langile zauritu ditu:
Pobriakin
oiek
zer moduz
dabiltzen,
kristau
maitiak, jarri
zaitezte
aditzen:
gosiakin
ez dute
iñor
errenditzen,
asi zaizku
plomozko
konpitak
partitzen.
Zortziko handian bata, txikian bestea, bi bertso sail eman ditu Jose Manuel Lizarralde, Urkiolegi-k, inpri-mategitik atera orduko hegan egin dezaten idatzi dituenak. Bertsookin, gertaeren kontaketa baino haratago doa Urkiolegi, sindikalismo katoli-koaren dotrina zabaltzea ere badu xede:
Onla
amenazoka
jendia
aspertu,
Txinako
legerikan
guk bihar
eztegu;
ez gera
salbajiak,
kristauak
gera gu,
tokatzen
dan moduan
lana
egingo degu.
Urkiolegi aita dominiko batek fundatutako Sindicato Libre-koa da, eta bertsolaria bada ere, nahiago du papera bat-batekoa baino.
Ez da Azkoitiko gertaerek utzi duten material bakarra. Egunotan, lanean ez dutela «ez zentimo bat merkiago, ez-da miñutu bat ere geiago» jardungo gaztigatu duen Makiñisten Anaitasuna-k panfleto gogoangarri bat atera du euskara hutsez: "Azkoitiko erriari, langilleei batez ere":
Kaleko arriak berak ere negar egingo lukete adituko balute zenbait langilleren etxian gertatutzen dana. Negarra ez da sendagaia. Malkua begiyatatik irtenarekin ez dezu arkituko zure zoriona.
Azkoitian, langileen borrokak euskararen gorputza hartu du.