1918
Baiona
Gerla amaitu da
Gerla Handia finitu dela, geografia arras aldatu da Europan. Versailles-en sinatutako hitzarmenean, lurralde handiak galdu ditu Alemaniak. Gerraren ondorioz, hiru inperio handi desagertu dira: Austrohungariarra, Errusiakoa eta Turkiakoa. Europa hustu egin da jendez, hamahiru bat milioi gizon eta emazte hil dira guztira. Errusiak hiru milioi hildako baino gehiago izan ditu, Alemaniak 1.060.000, Austriak 1.200.000, Frantziak 1.250.000, Italiak 500.000, Turkiak 435.000, Serbiak 300.000, Errumaniak 200.000... Lapurdiko, Behenefarroako eta Zuberoako sei mila lagunetik gora hil dira, nekazariak gehienak, Baiona, Pau, Tarbes, Mont de Marsan eta Bordeleko erregimentuetatik Belgikako mugetara bidali eta gero.
Laburra izatekoa zen gerlak lau urte iraun du. Eta garaileen artean dena ez da ohore izan. Errepresioa gogorra izan da frantziar gudaroste barnean matxinatu diren soldaduentzat. Muga herrietan, Aldudeetan, Baigorrin, Saran... Frantziagatik hiltzera joan beharreko gizonetarik batzuek desertatu egin dute. 1917an, soldaduen manifestazioek bete dituzte Frantziako karrikak. Baionan, frontetik heldutako milaka lagun bildu dira ez itzultzeko eskatzen, eskulan kualifikatu direla eta baliagarriagoak beraz arma usinetan frontean baino. Geltoki aurrean armadako kantu bat abestu diete bertan diren militar buruei: «Tue-le, tue-le, pour lui apprendre à vivre, pour lui apprendre à vivre un tout petit peu...».
Anartean, industria militarrak asmakizun berriak frogatu ditu gerla zelaietan. Tankeen, dum-dum balen, baina batez ere gasaren gerra izan da jendeak Gerla Handia deitzen duen hau. Fosgenoak, hiperitak, ziape gasak ito, erre egin ditu lubaki lokaztuetako soldadu akituak. Bada, Frantziak izen beldurgarriak erantsi dizkio europarren memoria kolektiboari: Verdun, Somme, Marne...
Euskal Herrian, euskal prentsak egundaino ez bezalako testuak ezagutu ditu. Iparraldean, soldaduak dira kazetariak, eta norberaren mamitan sofritutakotik idatzi dute. Hala, irakurleak gerla kronika ikaragarriak leitu ditu Baionako Eskualduna-n. Hegoaldean bestela dira gauzak. Bilboko Euzkadi-n bere bulego berotik idatzi du Kirikiñok. Batxik umorez betetako istorio politak bidaltzen zituen gerran zen estaturen bateko porturen batetik. Baina gerlak berak hil zuen...
Historiak bortxatuta, hiru Jeanen, Jean Etxepare mirikuaren, Jean Elizalde Zerbitzari-ren eta Jean Saint-Pierreren gerla kronikek mugarri garbiegia ezarri dute euskal literaturaren historia txikian. Lekukotasunak indarra, hurbiltasun krudela ematen dio kontaketari. Eta honetan ari izan direla, hizkuntza literario bat ere finkatu dute, nafar-lapurtarra. Bestalde, terminologia militarra euskaraz emateko egin den ahalegina gaitza izan da: hazkurria, gerla karrikarteak, errekak, airezkariak, mitraillausak...
Ez da ordea terminologia euskal irakurlearengan finkatu den gauza bakarra. Gerratik heldu diren istorio asko eta asko hain dira sinesgaitzak non ezin egokiago datozen garaileen mito berriak sortzeko. Euskal Herriak behar du berea, eta zein karazkoago Frantziari eskaintzeko pilotari bat baino. Giza neurritik gora, Joseph Apestegi, Chiquito de Cambo-k frontean egin balentriaz Eskualduna-n kontatu direnak Euskal Herriko mugak gainditu ditu. Lehendik ere entzute handiko gizona da Paris, Vichy, Niza, Bordele edota Arcachon-go frontoietan. Orain Frantzia irabazleak behar duen heroietarik da:
Bai, Chiquito ere ikusi diat. Erran zautak ibilia dela toki gaixto batean, mandatu batekin;... alemaneri bonbak... xixterarekin aurdikitzen dituela, eta orai berriz krako handi batekin alemanen burdin hariak atzemanik beren phaldoekin herrestan bereganatzen dituela.
— To, entzuna nian, pilotan ari zela bonbekin, artillur batek erranik. Baina ez nakian oraino armarekin ari zela burdin hari arraintzan.