1918
Oñati

Aurreskua, Eusko Ikaskuntzaren
kongresuaren ohorez, Oņatiko Unibertsitatearen atarian.
Erregek bedeinkaturiko erakundetza
Txiki geratu da Unibertsitate zaharra Oñatin elkartu diren ehundaka lagunak hartzeko. Herrian, arazo beltza bihurtu da Eusko Ikaskuntzaren lan saioetara hurbildu diren ordezkari guztiei ostatu ematea. Garay pospolo-fabrikako nabeak hartu behar izan dira antzoki moduan erabili den aretoa antola dadin. Tranpaldo zabala eta mila aulkitik gora jarri dira pabilioietan. Ez da isiltzekoa lar ageriko metafora den neurrian: pospolo-fabrika batean burutu dira euskaltasunaren ilunbeei argi ofiziala eman nahi dieten ekitaldiak. Unibertsitatea ikastaroetarako gorde da. Idazleek, zientzia gizonek, egunkari zein aldizkarietako zuzendariek hizkuntzaz hitz egin dute, arrazaz, historiaz, arteaz, irakaskuntzaz. Etxeko zein kanpoko, irakasle orotik nasai biltzea erdietsi da, gehienak aski ezagunak lehendik ere kultura munduan: Karmelo Etxegarai, Fermin Calbeton, Wenceslao Orbe, Telesforo Aranzadi, Jose Migel Barandiaran, Resurreccion Maria Azkue, Gregorio Mujika, Aita Olabide...
Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroako foru aldundiek lagundu izanak gerizpe sendoa eman die jardunaldiei. Mikeleteak, foralak eta miñoiak batetik, eta lau diputazioetako musikari eta mazadunak bestetik, halako solemnitate batez jantzi dira goiz eta arratsaldez antolatu diren ekitaldiak. Eliza Katolikoa ez da atzean geratu eta lehen mailako ordezkaritza bidali du. Oñatin dira egunotan Gasteizko, Iruñeko eta Baionako gotzainak. Prozesio batekin eta Camagüey-ko apezpiku den Valentin Zubizarretak eman duen mezarekin amaitu dira ekitaldi ofizialak.
Apezpikuak, alkateak, diputatuak, gobernadore zibilak eta militarrak... era guztietako agintariak hurreratu dira egunotan Oñatira. Lan saio eta meza artean izan da libertimendurako unerik ere. Musika kontzertuak izan dira, dantza erakustaldiak, pilotariak, palankariak, irrintzilariak... Batzuen eta besteen ekitaldien tartean, indar bateratuen aurrean erreka jotzeko askorik behar ez duen Alemaniaren egoeraz mintzo dira Ibarnegarai eta Guichené diputatuak.
Urteetan pilatzen zetozen indarrak dira Oñatin erakunde ofizialen hegalpea aurkitu dutenak. Askorentzat, premiazko eginbeharra da euskara abertzaletasunarekin identifikatzeko ezein susmo uxatzea. Jardunaldien berotik, mugaren alde bietara zabaldu diren bi erakunde atera dira: Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia.
Albait arinen, hizkuntz akademiarako lehen lau izenak eman dira ezagutzera, hots, Azkue, Campion, Eleizalde eta Urkijo. Hamabi izanen dira guztira, hala dator jasoa aurreproiektuan. Izenda-penekin, azkenean bete da Aristides Artiñanok 1886ko Durangoko Euskal Jaietan ahoz gora amestutako hura. Sortze bidean da euskara normaltasunaren bidean jarriko duen hizkuntz akademia.
Lehenbiziko lau kadirak betetzeko aukeratuak ez dira bakarrik egonen. Sarrera ekitaldian, eskola guztietan ume euskaldunen mihiak mututzeko eraztun salatariak erabiltzen diren bitartean, Alfonso XIII.ak babes zangarra eman die erregeren hitzetan sinetsi nahi dutenei:
Cultivad vuestra lengua, el milenario y venerable euskera, joya preciadísima del tesoro de la humanidad, que habéis recibido de vuestros padres y debéis legar, incólume, a vuestros hijos.