1916
Kortezubi
Historia harpean
Basondo deitzen dute Bizkaiko Diputazioko bulegoetan aurki-kuntzaren berri eman dutenek, Santimamiñe berriz bertako biztanleek. Basondo eremu zabalagoa da, Ereñozar mendiaren magal latzari deritzo Basondo. Erramu, sastraka eta inurrondoko artean orain denen ahotan dabilen leizea, Santimamiñe, betidanik izan da ezaguna inguruetan, duela gutxi arte bizi izan da jendea bertan. Bertan ezkutatu zutela diote mihi ezjakinek Goiriena azken karlistadan, baina aterpe ezagunegia izan da Santimamiñeko koba inor gordetzeko. Bistan da, istorioak asmatzea gustuko duen herria da euskaldunena.
Urte berriak egun bi dituela, institutuko ikasleekin barneratu da Jose Bengoetxe lapurzuloan. Sabaitik kandelak legez eskegitzen diren estalaktitak ikustera eta ahal bada hautsitakoren bat ikastetxera eroateko asmoz joan da gazteekin. Zuztarretik erauzitako batzuek utzitako orbainak ikusi dituzte sarreran, lorategi modernistaren baterako-edo dekorazio moduan eroanak. Sarreratik gero eta barrurago, bataio pontea dirudien baten ondotik igaro dira. Beherantz dator koba, eta argiak dar-dar egiten du ikasleen eskuetan. Taldea estalaktita hautsi batek libre utzi duen pasabidean barrena sartu denean, gazte bat izan da oihu egin duena:
— Ene, hemen otzue!
Otzue horman margotuta ikusi duen hartz baten irudia da. Argiak horma hezera hurreratu ahala, bi, hiru, bost... basapizti andana da argitara lauroinka datorrena.
— Erristan hemen bi!
Bisonteak, zaldiak, ahuntzak, zezena, basurdea... hogeitaka irudi zenbatzen dituzte guztira, beltzez margotuak denak. Batzuk garbi ikusten dira, tartean baten batek gorputzean geziak dituela sartuta ere esan daiteke. Beste batzuk aldiz ez dira ozta-ozta suma daitezkeen zirriborro mehe baino, amaitu gabe baleude bezala.
Institutura itzulita, "Mirentxu" operaren egile den Jesus Guridi musikari gaztearengana heltzen da informazioa. Udan egin duen bisitaldiaren ostean, txosten bat igorri du Bizkaiko Monumentuen Batzordera. Luze baino lehen, Diputazioak erosi eta zarratu egiten du Santimamiñe.
Zinez magikoa da Ereñozar aldea. Maruelexa, Gorostiagako jentila, San Migeleko ermita, santuaren urrats misteriotsuak... badoan mundu baten azken zantzoak biltzen dira Arteaga, Kortezubi, Lezika eta Oma inguruetan. Orain beste bat gehitu zaio. Santimamiñeko kobetan milaka urte dauzkaten margoak idoro dituzte.
Albistea zabaldu orduko, mende berriak sinesgaitz behatzen dio Ereñozarren erraietan mendez mende neurri betean gordeta egon den altxorrari:
— Irudi horiek kanpokoren batek eginak dira, bertako gizonak ez zuen horren ondo margotzeko arterik.
