1916 Bizkaiko Itsasoa


Juan Bautista Bilbao Batxi.

Batxi

Postalak legezko kronikak igortzen ditu telegrafoz Juan Bautista Bilbao, Batxi arratzuarrak. Jo duen portu bakoitzetik izkiriatu izan dio Kirikiñori Bilbora, Euzkadi-ko erredakzio nagusira. Eta Batxiren urratsen atzetik, Savona-ra egin du jauzi Euzkadi-ko irakurleak. Rotterdam-en izan da, Glasgow-en, Melilla-n, Hegoafrikar Errepublikako Durban-en... Itsasoak zabalik dituen mundua da Batxirekin Euzkadi-n sartu dena. Tranbian dabil, zinematografora joan da, ostatuetan horditu da, makinaria miretsi du, marinelen arteko borroketan ibili da, poliziak eskua ezarri dio Ingalaterran espioi alemana delakoan... Euskal Herrian egon denean idatzitakoen aldean, ausartak dira atzerritik bidalitako artikuluak. Ikusi egiten da, Batxi libreagoa da aberritik kanpo. Mazarron-en ez dago batzokirik, Cardiff-en ez ditu karlistak pairatu behar izan, Savona-n ez dago Gernikako feriarik. Distantziak bestelako egin du Batxi idazlea. Eta euskara larrekoan idatzitako kronikek haize berria dakarkiote abertzaletasunari.

Lehorrean, arduratuta zenbatzen ditu Bayo ontziak Bilbo jotzeko falta dituen egunak Jesusa Zabala emazteak. Europatik heltzen diren albisteak kezkagarriak dira: gerra itsasora zabaldua da. Aleman urpekontziek berrogeitaka euskal ontzi bidali dituzte hondora, hain da lanjerosa Ingalaterrarekin harremanak izatea. Eta gerran dagoen estatu batekin trafikatzearen arriskua zenbatekoa den ondo dakitelako aberastu dira Bilboko nabierak. Arriskua estakuru, fleteen prezioak gora egin du. Cardiff-era egindako itsasketa bakarrean amortizatzen da ontzia. Irabaziak itzelak dira. Sota y Aznar konpainiak %6ko mozkinak zituen 1910ean; %116koa du orain. Ia ehun armadore dago Bilbon, 50 tonatik gorako 246 ontzi... Antzokira doana bezala doa bisitaria burtsara. Jauregiak txilarra baino arinago hazi dira Negurin, eta ikusgarriak dira Manuel Maria Smith Ibarra arkitektoak Lezama-Legizamon, Etxebarrieta, Aldekoa, edota Ibarrarentzat diseinatu dituenak. Deustutik Olabeagarako orubean, Azkueren esanari jarraiki mendi izenez bataiaturiko baporeak bataiatzen eta itsasoratzen dabil Ramon de la Sota y Llano Euskalduna ontziolan.

Urtebete pasa darama Batxik etxetik kanpo. Jesusa Zabala du zain bere hiru alabekin. Arroxelatik etxera dator ontzia. Laster da Abrako bokalean. Baina Batxi ez da inoiz helduko. Urtarrilak hamasei dituela, alemanek La Palice-tik berrogei miliatara jarritako mina bat jo du Bayo, Lezama y Compañía-ko Bayo ontziak. Barruan doazen marinel guztiak hil dira, Josu Azkune, Algorteño pilotaria salbu. Heriok bere kamainatik jagita harrapatu du Batxi. Susmo txarra hartuta zebilen aspaldian, berak bazekien egunen batean bidera aterako zitzaiola, iragarria zien Euzkadi-ko irakurleei:

Agur abertzaleak. Arrisku andietan gabiltz itsastarrok, ba ez dago egunik ontziren bat hondora ez doanik, doixtarrek ipiniriko mina batek jota. Otoi eizue ba Ama Neskutsari itsasoan gabiltzan gizon txiroen aldez.

Gure Mendea