Gutunak idatziz haizatzen du bakardadea Mariano Mendigatxak Bidankozeko neguan. Hizkuntza kontuekin hasi zen hartu-emana inoiz ez pentsa adina sendotu da. Orain Bilbon du adiskiderik handiena. Resurreccion Maria Azkuek beti bereei erantzuten datozen gutunetan diotsona esperantzaren ahotsa da, harengandik dator bihotz lahartua gozatzen dion hego haize bakarra.
Mende hasieratik dute tratua elkarrekin, Azkuek Zuberoara deitu zuenetik hiztegian erronkarierazko eleekin lagun ziezaion. Harrezkero, ahal izan duen neurrian segitu izan dio laguntzen, aurreko mendean Louis Lucien Bonaparte printzeari bezalaxe. Horretarako, iraganera behartzen du bere gogoa. Laino artean, euskaraz bizi izan zen mundu hartara joan beharra du. Lehen hala zen. Orain bera da euskaraz egiteko gai den ia lagun bakarra Bidankozen. Ez du norekin, eta zinez langintza gaitza egiten zaio oroimenen amaraunera heldu eta Azkueri baliagarriak izanen zaizkion hitz bakan batzuk ekartzea handik:
Eltanbada faitra Frantziara, lan, egin dionaren inprentatra, mezu oilbeztad, ni ere baranein eskribitiatik Bilbabera, ceren anich itzen onki kausitako biardud pentsamentiua eraman antzinadaneko tenpretra antzerik baidazkad. Correngatik costatan zaiztad orren cartak.
Hasierako gutunetan, hilero egun bertsuetan erronkarieraz bidaltzen zizkion haietan, dena zen neurtuagoa, formalagoa. Uztaz eta mendiko lanaz hitz egiten zion, neguaren gorriaz, zuhaitzen balioaz. Herriko gorabeherak ziren letretan sartu eta Bilbo urrunera igortzen zituenak. Maisuak errenta handiagoko beste lan bat aurkitu eta umeak bost hilabetez eskolarik gabe geratu edota bi emakume elizan bilo-biloka katigatu zirenekoa, konparazio batera.
Eta hiztegiarekikoak amaitu diren arren, eutsi egin diote hartu--emanari labrariak eta apezak. Denborarekin, euskarak gaztelaniari utzi dio bidea gutunetan. Hizkuntzalariak gizonari. Barrua da mintzo dena, ez kolaboratzailea. Argazki bat, opari emandako La Gaceta del Norte egunkariaren ale bat, ilobari egindako mesede bat... ez dauka ahazteko urte hauetan guztietan Don Resuk erakutsi dion begirunea. Orain, laurogeita hiru urtera helduta eta etxekoekin haserre, gortuta, gutun hauek dira barruak erretzen dizkion bakardadea arintzen dioten lagun bakarrak.
Horren jakitun dira udaletxean, eta horrexegatik idatzi du Francisco Zubiri idazkariak Bilbora, Azkuek Mendigatxarengan duen eragina aprobetxatuz lehenbailehen esan diezaion etxean geratzeko, ken dezala burutik zaharretxera joateko duen asmoa. Hala egin du apaizak. Hark esan bezalaxe hartu du lagunak, eta alabarekin adiskidetu da.
Anartean, berriro ere elkar ikusteko esperantza oro galduta, Mariano Mendigatxak lurmendutako mundu batetik ekarritako ipuintxoak eta atsotitzak gordetzen segitzen du heriotzari itxaroten dion bitartean.
Bakardadeak aleka hautatzen ditu horren adibide gordinak.