1915
Donostia
Soroarekin hasitako mutil hura
Badira gaztetako ekintza batek bizitza guztirako ezarritako zigorrak. Hori gertatu zaio Toribio Alzagari. Hamahiru urteko mutil koskorra zen Soroaren "Iriyarena" obran estreinakoz parte hartu zuenean. Harrezkero, antzerkiaren gatibu da. Gidoiak idazten, obrak jokatzen edo zuzentzen, antzerkiari loturik eman du bizitza guztia. Orain, sariaren ordua heldu denean, egiteko dagoenari begiratzen dio egindakoari baino.

Toribio Alzaga (erdian eserita)
Iztunde Ikastolako kideekin Eibarren, 1928an.
Kontua da aspaldidanik dabilela era berean gaztanbera eta harria zaion antzerkiaren mundu honetan, eta honi eskainitako bizitzagatik eskatu zaiola udaletxetik "Euskal Izkera eta Iztunde Ikastola" berriaren zuzendari kargua har dezan. Bi zinegotzi, Barriola jeltzalea eta Zulaika sozialista izan dira Donostiako Udala donostiarrek hain maite duten antzerkia begiratzera behartu dutenak.
Atzean geratu da oso "Aterako gera" obragatik eman zioten sari hura. Atzean Donostian Santo Tomas egunez urtero jokatzen ziren emanaldi haiek, Pepe Artolak sorturiko "Euskaldun Fedea" elkartearen inguruan lortu zen giro paregabe hura, antzerkia Donostiatik kanpo, probintziako herrietara eramatea erdietsi zuen bulkada beroa. Urteotan, ez da bakarrik ibili. Barriolaz gain, Elizondo, Ganboa, Gorostidi, Illarramendi, Iraola, Mokoroa, Ramos Azkarate eta Uranga izan ditu aitzindari eta lankide. Teatro hiritarraren lehen urratsak dira.
Musikako Udal Akademian ditu lokalak Alzagak, eta kargu berria hartzea eta lanean hastea bat izan da. Gerora begira egon gabetanik, ikasleak bildu aurretik ekin dio lanari. Etxeko idazleak eta obrak bultzatzen hasiko da. Barriolaren "Lagun txar bat" eta "Gai dagoenaren indarra" ditu hasteko, Elizondoren "Dollorra" eta "Atzertokiya", Soroaren "Barrenean arra" eta bere "Bernaiñoren larriyak" eta "Axentxi eta Kontxesi", urtebete baino lehen jokatuta ikusi nahi dituen obrak guztiak ere.
Egile den neurrian Alzagak ondo daki zein den aurrean duen zezena. Hain erraz sortzen dituen elkarrizketen bizitasunak eta jolas komikoek ez diote Barriola baten arrakasta ziurtatzen. Honek hobeto asmatu du antzokiak beste zer edo zertarako ere badirela ikasi duen publiko abertzalea bereganatzen. Alzagak bere buruari ezarritako arauak ideologia zehatz baten gainetik daude ordea. Izatekotan, antzerkiaren mili-tantea da beste inongoa baino:
...es hora de que en las obras vascas no se fíe al patriotismo del público el éxito de aquéllas, sino que se procure obtenerlo mediante el concurso de cuantos medios ofrece el arte para el mayor esplendor de las representaciones dramáticas.