1914 Donostia


Donostiako kasinoa, gaur egungo Udaletxea.

Gure Belle Epoque hau

Goitik behera eraldatzen ari den hiria da Donostia. Maria Cristina erregina alargunak Espainiako erret familiak uda bertan igarotzeko erabakia sendotu duenetik, erruz ugaldu dira turismoari begira egindako eraikuntzak. 1882an goratu zen kasinoa, Montecarlokoaren irudira Alderdi Ederren. Eklektizismoa, estilo nahasketak (arkupe mudejarrak, minarete arabiarrak, apaindura amerindiarrak...) ezin egokiago datozkio frantses eiteko lorategiei. Bisitariek bertan xahuturiko sosekin ordaindu zergek laguntzen diote udalari gero eta zerbitzu modernoagoak eskaintzen. Beharrezkoa da. Donostia Gortearen Udako Hiriburu izendatu denetik, oldean datoz goranahiak hirira.

Urumearen bokaleko bazter batean, "Kortazar egitasmoak" ibaiari hartutako lurretan, errege Alfonso XIII.aren amaren izena daraman hotela eraiki da lau mila metro kuadroko orube batean. Uliako haitzekin bat egin dezan, hareharriz jantzi da kanpotik Charles Meurres frantziar arkitektoak proiektatu eta Francisco Urkola donostiarrak burutu duen eraikuntza. Kanpotik, apaindurarik erakutsi nahi ez duen eraikina da Maria Cristina hotela. Barrutik, berogailuz eta argindarrez jantzi dira gelak. Begiratzen hasita, ez da falta inon eskain daitekeen aurrerapenik.

Ondoan, hotelarekin batera diseinatu du Sociedad de Fomento elkarteak Victoria Eugenia antzokia. Bi urte luzez, bi eraikinak elkarrekin bat etor daitezen ahalegindu da Urkola. Igeldoko harrobietatik ekarri da fatxadak, hormak eta oinarriak egiteko hareharria. Inguruko porlan fabriketatik hegalak eta habeak egiteko zementua. Kasinoa, hotela, antzokia... bertako nahiz kanpoko, Marokoko gerran baino zoriontasunean sinestu beharra duen burgesia hartzeko gertu dago Donostia, behinolako hiri faduratu hura.

1854an Tolosari Gipuzkoako hiriburutza kendu eta harresiak eraisteko erabakia hartu zenetik, ez dio harrokiro hazteari utzi. 1862an onartu zen aurreneko zabalkundea, Antonio Kortazarrena. 1889ko ordenantzetan oinarritu zen bigarrena, Urumearen bi aldeetara, Artzain Onetik Amarara eta Kontxa gainera hedatu zena. Etxabe, Goikoa, Kortazar, Elizalde edota Gurrutxaga, euskal arkitektoen garaia izan da geroztikakoa. Zubi berriak egin dira, Diputazioa, Katedrala, Justizia Jauregia, Posta, Ingeniari Eskola... Zabalgunean, elkarren antz handia duten eraikinak dira guztiak, oso frantses estiloan eginak hasierako gehienak, pertsonalagoak, ausartagoak ausaz (Kontxa inguruko hotel txikiak, jauregitxoak) azken hogei urteotan burutu direnak.

Aroa gozo denean, kasino aurrean Pierre Ducasse jardinzale frantsesak diseinaturiko lorategietan paseatzera ateratzen dira hiriko ongizonak eta hauen sendiak. Bulebarrean ez bada (esanahia ere aldatu du, gotorleku baino gehiago da itzalpean promenatzeko lekua) hondartza gainean, ez da inoiz ikuskizunik falta.

Gaur, martxoak hamasei dituela, duela lau urte Hurbert Le Blon-en bleriot-ak airean marrazturiko matazari jarraikita bezalaxe, Elie Hanouille belgiar abiadorea desagertu da Kontxan erakustaldi batean bere hegazkinak muturra okertu eta badiako uretara jausi denean.

Heriotza bera ere, ahalegintzen da, ederragoa da Donostian.

Gure Mendea