1914
Soissons
Gerla kronika bat
Larresoroko Seminarioan irakasle izan duen Hiriart-Urruti kalonjearen hitzak ditu gogoan Jean Saint-Pierre milafrangarrak, frontean ikusten duena izkiriatu eta igor dezala galdatzen. Etorkizuna zaharren hatz onetan nahi duenak euskaldunen bihotzak berotuko dituen kronikak nahi ditu. Lubakietako lohia, kanoien azantzak, zaldi erien intziriak... fronteko lur ustelaren usaina sartu nahi du euskal etxe bakoitzean gerra lehertu delakoaren berri "Gerla Haste-Biba Frantzia!" suhar batez hartu duen Jean Hiriart-Urrutik, Eskualduna astekariko zuzendariak.
Frantzia eta Belgika arteko mugan, Soissons-Reims lerroan dabil Jean Saint-Pierre 1914ko hondarretan. Badira ia bost hilabete gerla hasi denetik, eta ez du esandakoa bete. Trenez ekarri dute, eta kantuz eta irrintzinaka sartu da Gerla Handian. Gero, alemanak eta heriotza ikusi ditu Marne ibaiaren hegietan, Charleroi-n, Châlons-en, Argonne-ko oihanean. Gabon osteko egun baten eta karrikartean kukuturik urte berriaren goait dela, patata zaku batzuen gainean idazten du:
Hiruetan hogoi-ta hamarreko gerlan, soldado frantses batek kantatu zuen eguberri gauean, xutik, alemaneri buruz, pesta hortako kantu airos bat. Utzi zuten etsaiek, azken kobla eman artio: ixildu zenean, tiroz garbitu zuten berehala, eta lurrerat erori zen, hil gogor.
Eguberri gaua ginuen bada. Gain batean, harrokan ehortziak, alamanak hor ditugu, hurbil hurbil. Frantsesak beheraxago, harrobi zilho handi batean gordeak, pausuan; bospasei metro harri bi etsaien artean. Guardiako gizonak lerro lerro beren erreketan, begi beharriak erne.
Betbetan, alamanek oihu egiten dute frantseseri: "Kamarad! Eguberri dugu! Athera zuen zilhoetarik deskantsuan! Egin dezagun guziek kantu!"
Frantsesak jali dire. Harroka gainean, alamanak hasi dire kantuz, frantsesez: "Minuit, chrétiens, c'est l'heure solennelle!".
Frantsesak irriz. "Egizue bada gurekin kantu, diote alamanek. Zertako ez duzue kantatzen?". Eta hek aintzina beren kantuari, akordeon batekin.
Kantua bururatu dutenean, oihu egin dute berriz: "Sar laster zuen zilhoetarat!". Saguak bezen zalhu, frantsesak zoin bere tokietan kokatu dire. Ordu berean tiroak firrindan iragan dire frantsesen gainez gain. Eskualdun hanitzek entzun dituzte kantu hek. Tokia ere xuxen erranen dute geroxago.
Handik ezkerrago, gau guzia kantu errepikan eraman dute alamanek, musika txar batzuekin. Frantsesek zenbeit tiro gainerat igortzen ziozkaten artetan. Eta heiek arrapostu frantsesez: "Salaud de Français!"