1913 Gasteiz

Hizkuntza algebra legez

Gasteizen, institutuko matematika katedratik, oraino lan handia dagoela egiteko argitzen du bere "Morfología de la Conjugación Vasca Sintética"-ren aurkezpenean Luis Eleizaldek, Sabino Arana Maisuaren oinordekoak. Urteetan aurrera doa, baina oraindik ez du utzi gazterik hartu zuen suak. Euskaltasunak dituen poliedroaren alde guztietara heldu nahi du, hizkuntzatik antolaketa politikora, gogoeta etnologikotik herri txikien nazioartekotzara.

Zinez gizon bizia da Eleizalde bergararra. Bere esku dago neurri batean Sabino Aranak utzitako egitasmoa aurrera ateratzea. Eta horretan dabil. Kartzelan egon da, bera da Gasteizko Centro Vasco-k izan duen aurreneko lehendakaria. Kargurik hartu ez badu ere, EBBko buru hautatua izan da. Baina maitatua bezain gorrotatua da. Diputatu izateko aurkeztu delarik, beldurraren politika erabiliz eraso zaio El Jaimista-tik:

Aseguran como cierto que un candidato que se presenta como regional amenaza con suspender por Junio a los hijos de quienes le nieguen el voto en las próximas elecciones.

Prentsak jeltzaleen doktrina hedatzeko izan lezakeen funtzioaz arduratuta, Gipuzkoarra egunkaria sortu du Donostian Kizkitza, Lopez Mendizabal, Eizagirre, Barriola eta enparauekin. Ez da arlo honetan egin duen lan bakarra. 1911tik darama Euzkadi aldizkariko zuzendaritzan.


Luis Eleizalde.

Hizkuntzak hartzen ditu, ordea, beste ororen gainetik, politikak uzten dizkion hondar orduak. 1910ean eman ditu argitara Aranak utzitako paperetako batzuk, euskal izenei buruzkoak batez ere. "Deun Ixendegi Euzkotarra" eskuz esku dabil Euskal Herri guztian ugaltzen ari diren Euzkeldun Batzokijetan. Ezkutaezina da. Gero eta gehiago dira euren umeei euskal izenak jartzen dizkieten abertzaleak: Kepa, Koldobika, Gaizka, Edurne, Jasone, Josebe...

Orain, hizkuntza algebra balitz legez, "Morfologia"-n aditzak erroetara eta erroetatik aditzak berreginda ematen dituelarik (dart, darzu, dar...; dardan, darzun, darren...), badaki zein etorriko zaizkion gainera, «muturreko eskubitar euzkeralogikoak».

Ez da oraingo kontua. Ezin du bat etorri Campionekin eta Urkijorekin. Politikan ez ezik, euskararentzat bakoitzak duen etorkizun ustean dago aldea. Eleizalde bere geroan bizi da, gorantz datorren mugimendu politiko oso bat du hezteko. Campionentzat eta Urkijorentzat aldiz, oraina da geroa. Bientzat, Aranaren hizkuntz teoriek euskaldunak abertzaletasuna zabaltzen ari den euskara ez aditzea dakarte. Laboratorioko euskara ulertezin bat da euren prentsan ezartzen ari direna.

RIEV-eko kolaboratzaile izan zen Eleizalde bera ere harik eta 1910ean Urkijoren aldizkarian "Un bautizo" izeneko artikulua argitaratu zen arte. Uchin de Mendaur-en ezizenpean ezkutatzen zen gizona Arturo Campion zen, eta Aranaren irizpide etimologikoak eta neologismoak salatzen zituen bertan. Eleizaldek beragatik ari zirela ulertu zuen. Keinu moduan ulertu zuen Campionek txadon baino egokiagoa dela eliza aipatzea bere lanean. Artikuluak guztiz gaiztotu zituen Eleizalde eta Urkijoren arteko harremanak. Orain, euskararen bi uhaitz nagusiak, abertzaleen politikagintzari lotuago agertzen den aranista eta zientifikoek maiteago duten ‘betikoa' dira aurrez aurre daudenak. Eta Urkijok gogor jotzen du, badaki Eleizaldek zenbat zalantza dituen bere sistemaren azken emaitzaz:

Zuk Txadonalde'tar Koldobika sinatzen duzun egunean onartuko dut nik ‘txadon'!

Gure Mendea