1912 Durango

Garoa

Durangoko Florentino Elosuaren inprimategian eman da argitara azkenik Txomin Agirreren "Garoa" eleberria. Liburu moduan, ezen ez baita Ondarroako apaizaren nobela kaleratzen den lehenbiziko aldia. "Garoa" Julio Urkijoren Revista Internacional de Estudios Vascos-en, RIEV-en, argitaratu da lehen aldiz, atalka baina. 1907tik 1912ra bitartean luzatu da, eta liburua kalean denerako ez da osoro eman, azken lau kapituluak falta ditu.

Krudela da bere samurrean "Garoa". Garai modernoak, industrializazioak ekarri duen munduaren kritika errukigabea da Agirrek dakarrena. Langile mugimenduak gora etorri dira azken urteetan Nerbioi ezkerraldean eta Gipuzkoako Arrasaten, Pasaian, Eibarren. Beharginen eskubideen aldeko grebak gero eta arrakastatsuagoak gertatu dira... Manikeismoa gordetzen ahalegindu gabe, bitan banatutako Euskal Herria da Agirrek "Garoa"-n ematen duena, euskal geografia hautsi bat. Ezkutatu nahi ez den ideologiak aiztoaren doitasunez ebakitzen du mapa:

Somorrostrora joan gintezke lenbizi. Bizkaira esatera ninjoan, baño damutu egin zait; bada Bilbotik itxasoruntz goazela ezker aldetik dauden erriak eztirudite Bizkaikoak. Toki aietan Bizkai barrutik agiri dan zeru garbirik ezta ikusten; Gernika, Durango ta Markiñako ibarretan daukagun pake ta txukuntasunik ezta billatzen; etxeko izkuntza maitearen durundi gozorik ezta iñon sumatzen.

Baina ez da hizkuntza, hasiera batean hala badirudi ere, zatiketaren neurria. Agirreren ideologiak sustrai sakonagoak ditu, zerikusi handiagoa du elizatik aparrean datorren sozialismoari zaion beldurrarekin beste ezerekin baino. Jazarpenak estrategia ezaguna du, eta baieztapenak ezin borobilagoak dira:

(Ortuella eta Gallartako) Gizon gorriak ostera izen gaiztoaren jabeak dira. Asko, geienak bear bada, guraso zintzoen semeak izatea baliteke; baño gizatxar, lagun oker biurrien artean gaiztakeriak kutsatu ditu.

Bertan galdu dute alferrik Azkarragako Martin, Iñazio Mari-ren semea, Joanes artzainaren iloba... Zalantzarik geratu bada, Eibarren Bizkaiko sozialisten hautagai den Facundo Perezaguak ematen duen mitinera hurreratutako gizon-emakumeen karakterizazioa argigarriagoa egiten da:

Neskameak esan bezala, iru iruretan, lantegietako gizonak eta Elizaren etsaiak jardun-batzarra astera dijoaz, pelota lekuan. Antxen, lañoz jantzitako zerupe illunean, suinkiro alkartu dira eibartarrik geienak, onenak ez baña. Onenak ez: gazte arro, zarkote nagi, erdi-langille, oso-edale, gezur-billari, aizeburu, etxekalte guztiak eta emakume arrotz lasai batzuek. Ardangela ta kafetegietatik erten dute, ta denak, piper gorria baño gorriago, jakintsuen jarduna entzuteko zai daude.

Perezagua bera ez da Infernuko Txerren gizon bihurturik baino:

Biurri andiak egiñaz, begiak zuri jarriaz, ortz ori zikiñak bakan erakutsiaz, eskubiko besoa jaso ta luzatuaz, azkazal lodi okerraz beltz agertuaz, zerbait arrapatzera dijoan basakatua dirudi.

Eibarrek arrazoi asko ditu ridikulizatua izateko. Langile mugimendua Gipuzkoan beste inon ez bezala antolaturik da, eta 1903tik zinegotzi sozialistak ditu udaletxean. Gainera, Agirrek izan du aitzindaririk. 1898an Eibarren bertan girotutako antzerako kronika bat idatzia zuen Resurreccion Maria Azkuek Euskaltzale aldizkarian: "Tsirrist Eibarren". Bergaran-eta, «Eibarkoak etorriko dituk» esaten diete haur bihurriei beldur daitezen.

Urkiolara bildu dituen Durango, Elorrio eta ermutar elizkoien, Legutio eta Otxandioko langile irmeen, bilbotar apainen, Bergara, Tolosa, azpeitiar-azkoitiar atseginen, Bermeo, Lekeitio, Mutriku, Ondarroako arrantzaleen, Zeanuri, Areatza, Dima eta Larrabetzuko nekazarien aldean, saskela da mitinera hurbildu den eibartarra.

Tradizio liberal antiklerikaleko, sozialisten atzapar beltzetan ikusten duen Eibar da infernuaren beste izena Agirrerentzat.


Victor Sarasketaren arma-fabrika, Eibar.

Gure Mendea