1910
Aldude
Miriku Jaunaren bekatua
Errespetatu izan dute, baina beti izan du ardi beltzen zera bat apezen mendeko bilkuretan. Izan ere, ez dira asko Jean Etxepare mirikua bezala, mundu zibiletik Eskualduna astekarira bildu direnak. Eskualduna-n, Jean Etxeparek bere gauzez idazten du, Frantzia barneko politikaz, pilotaz, Baigorriko jaiez, Ameriketako euskaldun urregoseez, hango eta hemengo oroitzapenez... Mende berrira egokitu nahi duen gizarte bat du mintzagai Etxeparek Aldudeko bakardadean.

Jean Etxepare mirikua.
Argentinako Mar Chiquita-n jaioa, oraino haur zelarik ekarri zuten sorterrira, Lekornera. Larresoroko seminario garaitik ditu adiskide euskal munduan bidaide dituenak. Euskal Herrian, Jean Etxepare bada nor. Pierre anaia apaizarekin 1904tik dator "Eskualdun Laborariaren Almanaka" idatzi eta argitaratzen. Bordeleko medikuntza fakultatean ezagutu ditu gorputzaren sekretu guztiak, eskolaz landako irakurketetan ezagutu nahi ditu gizon-emazteak mendez mende kezkatu izan dituzten galderei eman beharreko erantzunak.
«Haeckel eta Nietzsche irakurtzen ditu» esaten entzun ditu adiskideak, salatari, bere gibelean.
Mende berriak bi urte baino ez dituenetik Etxepareren artikuluak jaso dituen Eskualduna-n oharturik dira: miriku garaiko irakurketek fedea mehetu diote.
Astekari baten orriak azken batean haizeak daramatzalako hartu du artikulurik onenak jaso eta liburu batean batzeko hautua. Hogeita sei dira guztira, berridatziak batzuk, Baionako kazetak ezin onartuak besteak. Luma dotoreko, erraz, garbi idazten du. Naturaltasunez azaltzen du munduaren zaila. Artikuluotan, kazetaritza hutsetik haratago, oso-osoko idazle agertzen da. Teknikan, ezagun du maite duela literatura. Gai aldetik, gogoeta sotilak ordura arte euskaraz inork erabili gabeko ikuspegiekin nahasten dira. Horrela sortu da "Buruxkak", denbora-pasa eta gogoetarako bide gisa. Liburua adiskideen artean oparitzen hasten delarik, beltzuri egiten diote hauek. Emaztegaiak horrexegatik utzi duela esaten da... Ingurukoak dira minduen agertzen direnak, eta garbi esaten diote zergatik: ez ateratzekoak ditu artikuluetarik bi.
Bi artikuluak "Nor eskola-emaile. Zer irakats" eta "Amodioa" dira.
Lehenak eliza eta estatuaren arteko bereizketan ditu sustraiak, irakaskuntza laiko baten beharraz mintzo da. Bigarrena koralagoa da. Platon-en "Oturuntza" berri batean baleude bezala, medikuak, notarioak, botikariak eta irakasleak batu ditu mahaira. Maitasunaren ikuspegi diferentea ematea dagokio bakoitzari. Eta aniztasunaren isla, halaxe da bazkalostea amaitzen:
Ez nuke nahi zuetarik nehor bere egitekoetarik aldaratu. Ikusten dut potikarioak uztekotan gaituela, lilittoer jarraikitzeko. Notariak baduke behar bada norapeit galdea. Zorionekoak horrek bezala izarra kopetan duten gizonak!... Medikuak aldiz itsasoan nahiko du sartu, eta zafratu bere odola, ur gaziak eman dezon gerokotzat etxean amesten duen familia haren hazteko indarra. Nik aldiz, aithortzen dautzuet lañoki, luzesko mintzatu nizalakotz edo bertzela, zintzurra idortua dut; eta etzautz iduritzen deus beharragorik baduketala oraintxe, nola bock bat. Nahuzue nik bezala egin? Gogotik orori bedera dopatzuet... Goazin.
Ahaide-adiskideen kritikek liburua autozentsurarazi diote. Etxean gordetzeko deliberoa hartu du, ez du ale bakar bat atera saltzera.