1906 Lizarra


Ramon Goikoetxea, Ebanjelista Ibero.

Eusko Ami

Lizarran kaputxinoek duten ikastetxeko zuzendari da Ebanjelista Ibero. Ramon Goikoetxea du ponteko grazia, baina buruñurdetan sartu zenean mudatu zuen izena. Etxauriko Iberon jaioa, Lekarozen ibili da oraintsu arte, eskola emaile.

Izen entzutetsua da Iberorena Nafarroan. Iruñean zela, San Migelen irudia Aralartik jaitsi ohi den egunean emateko sermoia agindu zioten orain lau urte. Egoera politikoa nahasixeagoa zen, eta Iruñeko indar atzerakoiak arras sumindu ziren Aita Iberorekin. Arauz eskuina zatitu nahi izana leporatu zioten. Ezkerra berriz, are minduago agertu zen Iberoren sermoiarekin, eta gogor hartu zuen El Porvenir egunkarian. Epailearen aurrean ere jarri zuten, gotzaina bertan zela emandako sermoi hartan liberal guztiak garbitzeko deia egin zuela-eta. Epaitu eta libre geratu zen ordea, Espainia guztian oso-oso gertutik segitu zen prozesu baten buruan. Sabino Aranak berak pozarren hartu zuen errugabetasun agiria, eta hala jakinarazi zion idatzi suhar baten bidez.

1903tik Lizarran da, bertako Eskola Serafikoaren arduradun. Irakasle iaio, hizlari bikain, itzal handiko gizona da Ebanjelista Ibero. Ematen dituen sermoietan mundu oste handia bildu ohi da, eta giro honetan eskatzen zaio egundo ikusi gabea idazteko: euskal katixima politiko bat.

Prentsak Alfonso XIII.aren eta Battemberg-ko Victoria Eugenia printzesaren arteko ezkontza iragartzen duelarik jartzen da kalean "El Ami Vasco" Bilbon. Erdi ezkutuan saltzen da saltzen dena. Atxilotuak ere badira liburua esku artean dutela harrapatuta. Erretorikaren ezaugarri nagusiak beteaz idatzia, euskal nazionalismoak han hemenkako diskurtsoan zirriborro gisa zerabilena liburu txiki batean bilduta agertzen da azkenik:

21. Erri batek, bere ditun naiz arturik dauzkan lurraldetan yayo izatea, ez da beaz aski edonork Aberri ori bere Aberritzat artzeko ta yotzeko? –Yakiña ba ezetz: Paris'en erdizerdi yayo arren ere, beltz bat edo malayotar bat iñola ere ezin izan pantzertar, eta Pernandez´tar urliari edo Gonzalez'tar beren-diari, Gipuzkoa´ko mendirik sakonenean lenen-gokoz ikus arren argia, euskotar deitzerik ez.

Atzerraldi batez, yudutar bat Euprates onaindian yayo dala ta beste gabe babilonitar izatea bitxi litzake gero? Edo zulutar bat Londres'en erdi dulako amak, englandar deitzea eta bere Aberria antzo Englanderria maitatzea, eta Abenderri orren egintsarietzaz berearenak bait'liran illarraintzea; edota yapondar batek "Gora Errusi"ka ekitea, aitamak Siberi'ra atxiloturik eramanak, bizia an eman diotelako? Horrela izatekoz, itsaserdian dabillen ontziko yayoberriak, aberririk ez luke noski. Ez ba, ez ba: Aberria derrayogun ori, ainbat biozkada ernaraziz, ainbat asmo bero idarokiz, ainbat neke, lekari ta lorraldi galde ta eska dizkigun Aberri ori, barneko diranak Aberri izenez goraipatzeko, lurbirako zatitxo ta zuin batean sortzea baño ertsigoko esteka ta lokarri ta korapillorik bearrezko zaizkie naski, yatorri berbera, ots, ayurri berdiña, antzeko azturak, mintzaira bat, zorion ta zoritxar bere-bereak, alegia.

Gure Mendea