Tours-en, Alfred Mame et Fils moldiztegiko biltegian, mila eta bostehun hiztegi daude Euskal Herriratzeko gertu. Parisez kanpoko argitaletxe katolikorik garrantzitsuena da mametarrena, tradizio handikoa Frantzian. Tours-eko langileen seme-alabentzako eskolak zabaltzen xahutu ditu Alfred Mame diputatugai xuriak eskuliburuekin, kempisekin eta Gustave Doré-ren grabatuz ederturiko Bibliekin irabazi izan dituen sosak.
– Noiz ateratzen dira Bilbora?
– Bihar.
Bart gauean, Resurreccion Maria Azkue artega, odol estu ibili da ohean. Berak bakarrik daki zer nolako nekea ekarri dion aspaldi guztian "Diccionario Vasco-Español-Francés" honek. Tomo bitan partitu eta zatitua, lehen liburukia baino ez da orain inprimatu dena, A-tik Llüztro-rainokoa. Bigarrenak, M-tik berbak hiltzen diren arterainokoak, hilabete batzuk itxaron beharko du oraindino.
Bide luzea ibili du Azkuek 1891n bere lehen liburua, Edward Spencer Dogson eroak erruki gabe egurtu zion gramatika hura, "Euskal Izkindea" argitaratu zuenetik. Haren aurretik zuen hasia hiztegia, hamabost urteko lana da laster Euskal Herriko bazter guztietara zabalduta ikusi gura duena.
Hamabost urte! Bilboko Alde Zaharrean, Jardines kaleko 10garren zenbakiko etxean domeketan egindako lehen bilera haiek ditu gomutan orain. Zaparradan datozkio garai hartako oroimenak. Etxe berean ezagutu zuen Euskaldun Biltokia, umeentzako antzoki hura. Bertan zuen erredakzioa Euskaltzale aldizkariak ere. Lanik gabe datozkio gogora Otsagabitik Bilbon barrena Ligiraino antolatutako juntadizoak. Zazpi euskalkietako ehundaka informante, apaizetatik eskaleetara. Gero etorri zen fitxa guztiak hartu eta Donostiaratzea. Informazio iturri moduan erabili dituen zahar egoitzako aurpegi guztiak biltzen ahalegintzen den arren, ezin da Jaranako arrantzale haien guztien izenez oroitu.
Batera eta bestera ibili behar izan du lana burutuko bazuen. Parisen hasi zuen 1904a, Bibliotèque National-eko euskal fondoa arakatzen. Londresen zen apirilean, Louis Lucien Bonapartek hara eroaniko liburutegian aztarka. Ingalaterran enbaxadore zen Duque de Mandas-ek egin gestioei esker lortu zen Gipuzkoako Diputaziora erabiltzea printzearen ondarea, hiztegirako baliagarri izan zaion Aita Uriarte arrigorriagarrak gipuzkerara itzulitako Bibliaren eskuizkribua tartean. Herriak darabiltzan hitzak eta munduan barrena sakabanatutako euskal liburuetako corpusa, horra hiztegiaren zutabe nagusi biak. Urrian, lehendakari Enrique Aresti dela, Bizkaiko Diputazioak diru laguntza ematea erabaki du. Oso lasaitu du albisteak.
«Gizonaren areriorik handienetako bat egunerokotasuna da» dio apaiz handiak aukera duen bakoitzean.
Eta horregatik agian, bost bider pasatu ditu hitz guztiak Mamerenean entregatu dituen orrietara, eskuz batzuetan, daktiloskopiaz besteetan. Tourseraino etorria da frogak zuzentzera, badaki zein den inprentako iratxoen bidea, are gehiago hitzak eredu izateko eman behar direnean, eta ez da fio.
Garaiaren seme da Azkue. Larregi du oraino ere mende zaharretik. Barne beharrak eraginda, herriari berea izan dena itzuli behar zaiola uste duelako berreskuratu ditu erdi galdurik ziren berbak. Bide horren hautua egin du, horregatik utzi ditu lekora Sabino Aranaren neologismo guztiak.
Iragan susmagarriko hitzen sorgin ehizak batu ditu baina biak. Aranak euskaldunak ulertzen ez dituenak sortu ditu: donoki, jaupari, txaide. Azkuek nahiko euskaldunak ez direlako hartu ditu barbarismotzat zeru, abade, kale.