1901
Bilbo
Mende berriaren iragarle
Egun handia da abuztuaren hogeita sei hau. Igaro berri den mendea Donostian agurtu ostean, aurrenekoz ospatzen dira Lore Jokoak Bilbon. Euskal Herriko hiririk handiena hartuta, Abbadieren ametsa bete denekoa da gaurkoa. Arenalean paseran dabiltzan bilbotarren artean, jendetza itzela bildu da Arriagara: foralistak, nazionalistak, liberalak... Galak erregin bat ere badu, Angeles Oriol Ibarra, bilbotar familia ezagun bateko alaba. Dominak eta diplomak ematen dira nekazaritzaz, merkataritzaz, Bilboko historiaz eta higieneaz eginiko lanentzat. Sariak daude euskaraz zein gazteleraz idatzitako olerkirik ederrenentzat, euskal doinurik eztienentzat. Eta denen artean hamahiru urteko gazte batek biltzen du jendearen arreta: Jesus Guridi gasteiztarrak diploma eta 250 pezetaz hornituriko Plazido Allende saria irabazi du "Txalupan" aireagatik.
Espero bezala doa eguna Salamancako Unibertsitatetik gonbida-tuta ekarri den hizlariak bere mintzaldiari aldaketa nabarmen bat ematen dion arte:
Tengamos también los vascos nuestro imperialismo; un imperialismo sin emperador, defensivo y pacífico, no agresivo y guerrero. Rebasemos a la patria chica, chica siempre, para agrandar a la grande y empujarla a la máxima, a la única, a la gran patria humana. Y si un vasco fundó la Compañía de Jesús, contribuyamos nosotros, su casta, a fundar la Compañía del Hombre...
Entzule batzuk urduritzen hasiak dira. Konplizitatez eta susmoz beteriko begiradek antzokia zeharkatzen dute euskararen gaiari eutsi dion orduko:
El vascuence se extingue, sin que haya fuerza humana que pueda impedir su extinción. Muere por ley de vida...
Miguel Unamuno bilbotarrak bost urte daramatza sorterrira itzuli gaberik. Hogeita hamasei ditu orain, eta Salamancako Unibertsitateko errektore da. Dioena ez da berria. Arrese Beitiarengandik Campionengana, Ama Euskararen heriotza usu iragarria eta kantatua izanagatik, harrokeria kutsu horrek, berben harian atsekabe arrastorik ez sumatzeak egiten du laidogarri Unamunoren arrazoibidea. Gibelminez ari dela esan liteke:
... y yo estoy convencido de que la principal causa es de orígen intrínseco, y se basa en la inaptitud del euskera para convertirse en lengua culta. Al vascuence le mata lo que más han admirado muchos: su embarazosa complejidad, su sintetismo y su carácter aglutinante.
Enterrémosle santamente, con dignos funerales, embalsamado en ciencia; leguemos a los estudiosos tan entrañable reliquia...
Marmara handia da oilategitik oihu egin diotenean:
¡A Salamanca! ¡A Salamanca!
Zangoak antxumatuta, behakoa antzokiko sabai ederrean, Unamunok eserita itxaroten dio isiltasunari. Hasten den aldiro, kontrako oihu zaparradak behartzen du atseden hartzera. Katrazka topatzen du zirrikiturik esan nahi duena esateko:
Porque el vascuence tiene que desaparecer por ser impropio de los actuales tiempos y recordar una época de barbarie, ignorancia y fanatismo...
Oihuak sua antzoki batean legez hedatu eta atoan hartzen dute areto guztia. Behe aldeko publikoaren artean, asko dira Ramiro de Maeztu bezala, hizlariaren berbak txalo artean babesten dituztenak. Anfiteatroan, gehiago dira Unamunori eskua luzatuz zemai egiten diotenak.
Ekitaldi amaieran, kanpoan, iragan mendeari ez bezala eman zaio amaiera mende berriko lehen Lore Jokoei. Muturrekoka.
«Este año se darán clases
de euskera en el instituto, Batzokis y principales centros de enseñanza de Bilbao,
esperándose fundadamente que el número de alumnos inscritos ascienda a los dos
mil». Kili-Kiliren
bineta, Euzkadi egunkaria