1999ko hemeroteka

Antton Luku: «Espontaneitate handiko garaia da»

Antzerkia dugu Euskal Herrian literatura generoen artean gutxien jorratutakoa. Autoreei dagokienean, sasoi onean al da egun Iparraldeko dramaturgia?

Une honetan sentitzen da aritzeko nahikeria handia. Nonnahi badira taldeak eta noiznahi entzuten da Isturitzen, Hendaian edo beste hainbat herritan, badela multzo bat nahi duena antzerkia egin. Espontaneitate handiko garaia da. Jende biziki gaztea da antzerkia egin nahi duena, aipatzen ditudan garai horien kontzientzia ez duena. (...)

Koldo Ameztoi eta Txomin Hegi dira profesional mailan jarduten duten jokulari bakarrak. Zergatik da hain zaila profesionaltasunera jauzi egitea Iparraldean?

Nik uste dut populazioaren aldeko arrarroiengatik gertatzen dela hori. Iparraldean populazioz jende gutxi delakoz. Beraz, gauza bat egitea profesional gisa zaila da berez. (...) Antzezlan bat muntatzen bada euskaraz, emanen da hainbat aldiz Iparraldean eta kito. Beraz, ez da errentagarria. Gero, nire ustez badira beste arrazoi batzuk. Pentsatzen dut, badela zirkuitu bat aritzeko, baina horretan ez dute profesionalak baizik egiten ari. Badira leku finko batzuk non galdea betikoa den. Amateurrek ez dute betetzen galde hori. Amateurrak prest daude leku horietan antzezteko baina hori profesionalen lana da. Horrez gain, bada beste antzerki bat jendearen nahitik edo etortzen dena, eta behar bada errentagarri ez dena. Talde horiek euskaraz ematen dituzte beren lanak. Beraz, euskarazko antzerkiak badu bere garrantzia. Horretarako dute talde amateurrek beren esparrua.

Beraz, amateur taldeek ere badute beren esparrua, beren ikuslegoa...

Nik baietz uste dut. Esaterako, Xirristi-Mirristik, epe batez utzi ondoren, eman ditu Pantxoa Irigairen bi antzerki: "Idi beltzak" eta iaz Donostia Saria ukan zuen "Bere hartara". Antzerki horiek emanak izan dira 30 aldiz Iparraldean. Erran nahi dut, badela zaletasun bat herrietan.. Ikuslegoa beti izan da. Orain gertatzen dena da, ikuslego hori gaztetzen ari dela. (...)

Ainhoa Irazu, Euskonews & Media, 1999-07-9

Gure Mendea