1999ko hemeroteka
Otsoen isiltasuna
Lehengo batean, Iñigo Santxok, UEMA Udal Euskaldunen Mankomunitateko abokatuak esan zuenez, ez diote jaramonik egingo Madril eta Bilboko Auzitegi Gorenetatik etorritako abisuari. Entzungorrarena egin eta atzera itzuliko dituzte, orain arte bezala, gaztelania hutsez etortzen diren agiri eta dokumentu guztiak. Baita Auzitegi berorietakoak ere.
Horietako lehenengoak legegabe tzat jotzen zuen Aizarnazabalgo Udalbatzak ahobatez harturiko erabakia: Udala euskara hutsez harremanduko dela bere herritarrekin, baten batek gaztelaniaz nahi izan ezean, behinik behin.
Bigarrenak, Bilboko Euskal Herriko Auzitegi Gorenetik etorritakoak ostera, ezetz erantzuten zion Usurbilgo Udalari, ez dutela eskubiderik auzitegiko agiriak euskaraz jasotzeko eta baten batek gaztelaniaz ez baleki, Udal horretako itzultzaileen lana izanen dela agiriak itzultzea, Udaletxeari berari dagokiola alegia, itzulpenaren lana eta ordaina.
Neronek eskutan edukia dut idatzi hori eta oso oker ez banaiz "...si alguien desconociera de forma manifiesta el castellano..." jartzen zuen, De forma manifiesta, nabarmenki, agerian, begibistan, usurbildarren batek espainolez ez baldin badaki, orduan Udalak itzuli beharko dizkio euskarara Auzitegiak bidalitako agiriak.
Horixe da egoera eta ez naiz batere harritzen UEMAkoek batere kasurik ez egitea, errekurtsorik ez jartzea, Absurduaren absurdua baita, Euskararen Legea txikitxo geratzen zaigun honetan halako pitokeriekin etortzea epaile jauna. Gainera lehenago beste zentzurako erabakiak, administrazioarekin euskaraz aritzeko eskubidea onartu izan dituen Auzitegi batetik. Lotsa beharko luke Euskal Herriko deitzen epaitegi horrek eta lotsa behar luke agindu hori sinatu duenak epaile deitzen.
Ez dira baina epaileak bakarrik halako disfuntzionalitate ikaragarria duten bakarrak. Har ezazu taxi bat edonon edo zoaz jatetxe dotore batera eta ikusiko duzu zein den txikia euskaraz artatua izateko aukera. Zoaz medikuarengana edo dei ezazu informaziora telefono baten eske, ikusiko duzu zein den zaila logikarik logikoena: Euskal Herrian, euskaraz, Biarritzeko festibalekoek ere izugarri maite dituzte Ameriketako Aimarak eta Ketxuak, haien aldeko hitzaldiak eta filma zikloak eratzen dituzte euren hizkuntz eta kultur eskubideen alde. Baina eskaiezu euskaraz prentsari banatzen dioten dossierra. edo galdeiezu ia espainolez eta frantsesez bezala, euskaraz ere egongo ote den bat-bateko itzulpen zerbitzurik. Martziano bati bezala begiratuko dizute. Erraza baita urrutikoa maitatzea bertakoa ahaztuta.
Alabaina gertaera gogorra Sabin Intxaurragari gertatu zaio aste honetan. Bere adierazpena amaitutakoan mikro eta foko guztiak erretiratutakoan, kazetari euskaldun bakarra geratu zen eta harexek galdetu zion zer erizten zion UEMAko auzi horri. Jakina, Intxaurragak, horretarako eskubiderik ez zegoela esan zuen, era gogorrean.
Zerbait galtzen zutela eta, kazetariek jiratu egin zituzten mikrofonoak gauza bera espainolez errepika zezan eskatuz, Orduan Intxaurragak, axeri zaharra izaki, galdera gaztelaniaz egiteko erregutu zion kazetari dozena hari.
Inortxo ere ez zen gauza izan horretarako. Inork ez zuen Sailburuak euskaraz lehentxoago esan zuena ulertu, ez eta zertaz aritu zen antzeman ere. Hori bai dela de manera manifiesta. Eta gainera ez zen gertatu Valladoliden. Gasteizen izan zen, gure hiriburu politikoa omen den horretan.
Ez, ez dira epaileak bakarrik, nabarmenki, lotsagabeki esango nuke, herri honen kolonizatze etengabean dihardutenak.
Hasier Etxeberria, El Mundo. 1999-09-18