1998ko
hemeroteka
Egin itxi ondoren
Orain dela hogeita bosten bat urte, egunkari berri bat egiteko asmoarekin biltzen hasi ginenok, ez genekien nola eta nondik ekin behar genion asmo haren gauzatzeari. (...)
Zer axola zaizkio kapitalista erraldoi horietako inori, ezagutu ere egiten ez dituen baina bereak omen diren zuhaitzak eta piztiak? Zer axola zaizkio Jaengo olibondoak Andaluziako señoritoari, ez baldin baditu inoiz ikusi? Zer axola ote zaizkie Mayor Oreja eta Garzon jaunei Egin-en irakurleak eta idazleak? Zer axola zaizkie Egin egunero duro bat gehiago ordaintzen dutela jakinagatik erosten zutenak eta egunero irakurtzeko irrikitan jaikitzen zirenak eta orain faltan botatzen dutenak.
Komunikabide bat, egunkari bat alegia, ez da inolaz ere enpresa jabeek dirua irabazteko edo politika egiteko edo gizartean beren interesak defendatzeko daukaten tresna bat bakarrik. Ez horixe; komunikabide bat askoz ere gehiago da. Gizakiak gizarteko harremana askatasunaren bitartez egiteko ahalmena du; horixe da demokrazia eusten duen zutabea. Egin, beste edozein komunikabide adina eta beste asko baino gehiago, herri izaera baten hezurdura, arragoa eta bitartekoa da. Egin ixtea adierazpen askatasuna eta adierazpen eskubidea bortxatzen dituen erabakia da.
Garzon epailearen ebazpenek, orain dela hilabete batzuetako Mahai Nazionaleko kideen sententziak bezalaxe, oinarrizko argudio nagusi bat dauka, zera alegia, ETA erakundeak bidaltzen dituen helburuak defendatzea. ETA erakundeari laguntza edo bere egiturako kidea egitea adina dela. Horregatik Egin «helburu horiek lortzeko tresna soila» besterik ez dela aitortzen du behin eta berriro. Baina argudio hori, nire ustez, demokrazioaren aurkakoa da, konstituzioaren beraren irakurketa demokratiko baten aurkako da. Eta Epaitegi Konstituzionalak berak ere 1987/99 epaian Garzon epailearen oraingo irakurketa bezalakoak gaitzetsi egiten ditu.
Beraz, Garzon epaileak eta PP alderdiko gobernuak atzera egin dute Demokraziaren irakurketan. Egin egunkariaren ixildura argudiatzeko erabilitako arrazoiak berak ere, guztiz atzerakoiak dira. Esate baterako, Mayor Oreja eta Piqué ministroek esandakoak, zera alegia, legedia betetzea xede duten jokaeretan ez dagoela oinarrizko eskubideen bortxaketarik; horrelako argudioekin, edo hobeki esateko, argudio horrexekin berarekin justifikatu zuten Francoren garaietan itxitako azken egunkaria: Diario Madrid, alegia. (...)
Patxi Zabaleta, Euskaldunon Egunkaria, 1998-VII-23