1998ko
hemeroteka
Unibertsitatea antolatzeko legea
[ Unibertsitaterako Lege Proiektuari buruz ]
(...) Alde batetik, Legeak, Euskadiko unibertsitateen bizitzan protagonista berriak ezartzen ditu: Unibertsitateen arteko Euskal Kontseilua, eta unibertsitate irakaskuntza publikoaren Koordinazio Kontseilua.
Lehenengoak, kontsultiboa bada ere, maila beretsuan jartzen ditu unibertsitate publikoa eta unibertsitate pribatuak. Hala ere, begi-bistakoa da bataren eta besteen arteko distantzia, bai hedaduran, bai Euskadiko unibertsitate sisteman duten partaidetza mailan. UPV/EHU da herri honetan dagoen unibertsitate publiko bakarra. Horko errektorea aldiro agertzen da Legebiltzarraren aurrean. Euskal Kontu Publikoen Epaitegiak urtero auditatzen du Euskal Herriko Unibertsitatea, eta beste uninertsitate pribatuak batera baino hamar aldiz handiagoa izateaz gain, hamar aldiz titulazio gehiago ditu, bai eta askoz konplexutasun handiagoa ere. Horrez gain, besteentzat ezezagunak diren betekizunei erantzun behar die, adibidez, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate publikoa izanik, nahitaez eman behar duen irakaskuntza elebidunari. Ondo dago unibertsitate sistema koordinatzea, baina ez dago berdin tratatzerik desberdina dena. Beraz, puntu hau zuzendu beharko litzateke UPV/EHUri ordezkaritza zabalagoa emanez eta Unibertsitate arteko Kontseiluaren funtzio batzuk zertxobait aldatuz.
Koordinazio Kontseiluari dagokionez, honen funtzioak, bere osaeran eraberritutako Gizarte Kontseiluak har zitzakeen bere gain; hartara, Plangintzak ez lituzke horrenbeste irazki izango eta errazago bideratuko litzateke. Nolanahi ere, beharrezkoa da Unibertsitatea eta Hezkuntza Saila ados jartzea; bestela, beldur naiz ez ote garen gai izango Unibertsitate Plangintza hezurmamitzeko, berez hain tresna baliagarria izanik.
Era berean, unibertsitateko organoen arteko harremanen trataerak (errektorea, errektore taldea, Gobernu Batzarra, Gizarte Kontseilua, etab.) arazoak sortzen ditu, eta ezin dugu ahaztu unibertsitatearen kudeaketarako, organo horien arteko oreka (askotan nekez lortzen dena) ezinbestekoa dela. Zenbait puntutan, proiektuak gehiegi zehaztu nahi du zein unibertsitate organori dagokion protagonismorik handiena (esaterako, Plangintza proposamena onartzerakoan, edo ikerkuntza ebaluatzean) eta hori ez dagokio, nik uste, Legeari, Gizarte Kontseiluari edo Unibertsitateari baizik. (...).
Miren Azkarate Villar, Euskaldunon Egunkaria, 1998-VI-2