1998ko hemeroteka

 

Xabier Mendiguren: «Euskarak prestijiozkoa bihurtu behar du»

Esan izan duzu Kontseiluaren jokabidea persuasiboa izango dela, erreibindikazioa baino gehiago.

Nahiko garbi ikusten dugu euskalgintza eta euskararen mundua zabaldu eta hedatu nahi badugu erdaldun jende artera, euskarak eta euskal munduak erakarmen bat izan behar duela. Erakargarri, prestijiozkoa bihurtu behar da. Hori ezin da ezarri, hori ezin da borroken bidez lortu.

Euskararen mundua etorkizunaren mundua dela erakutsi behar dugu. Eta adierazi behar dugu euskara dela Euskal Herriaren integrazio bidea.

Ez dugu asmatu erdaldunei euskarazko mundua "saltzen".

Bai, baina arriskua ere badago kanpora begira bakarrik lan egitekoa. Kanpoan dagoenak ahalegin bat egin behar du hurbiltzeko, gauza exotikoak ezagutzeko hurbiltzen den bezalaxe, baina barruan dagoen sortzaileak ere bertsolaria, kantaria, adibidez— ahalegindu behar du bezeria berri hori irabazten.

Erdigune bat bilatu behar da. Eta komunikabideei buruz ari naizelarik, ez dugu simetriarik lortu: euskal munduak ezagutzen du erdal mundua, baina erdal munduak ez du euskal mundua ezagutzen, nahiz eta askotan besoz beso, elkarren ondoan dauden.

Felix Ibargutxi, El Diario Vasco, 1998-III-16

Gure Mendea