1998ko hemeroteka

 

Berezko unibertsitate baten alde BABen

Garapen Kontseiluak Baiona eskualdeko unibertsitateak erakar litzakeen faktoreak (biztanlego kopuruak, baxodunen erakarpena, zientzia arloko baxodunen kopurua) ikertzen dituen lana egin berria du. Osoki baieztatzen du orain arte erran genuena; hots, 12.000 gazte lirateke goi mailako ikasketetan aritzeko gai. Beraz, gure herriak 12.000 ikasleko unibertsitaterako "eskubidea" luke. Unibertsitate berrien garapenarekin konparatuz (Arroxela, adibidez), edo Hegoaldeari begira ere, sei edo zazpi mila ikasle 5 urteren buruan lortzea eta 10.000 hamar urteren buruan, posible litzatekeen parioa dela uste dugu. Ez da ez unibertsitate "ttipi" bat.

Arrazoinezko parioa eta beharrezkoa, sozialki Ipar Euskal Herriak eskubidea eta beharra duelako.

Odol galtze lotsagarria

Gurearen gisako 6-7.000 ikasleko unibertsitateak, beraz, aipatutako dirutzen erdia ekarriko lioke unibertsitatea kokatuko litzatekeen eskualdeari. Garapenaren prespektiba azkar eta egituratu hau ere beharrezkoa da Baionako unibertsitate adarraren "azpi garapen" endemikoa "hausteko". (Hirugarrena %80, lehen zikloa %80...).

Ingurune zientifikoaren garapenak, formakuntza eta konpetentzia mailaren altxatzeak, ikerketaren garapenak, unibertsitate eta enpresen arteko loturak, konpetentzia eta teknologiaren transferentzia enpresa eta erakundeei buruz... hots, oro har, zonaldearen lehiakortasunaren hobekuntza argi eta garbia, eta ondorioz zonaldearen irudia eta erakargarritasunaren hobekuntza.

Gainera, unibertsitate garapenak gazte populakuntza bat bertan finkatzeko gaitasuna ageri du. Gazte horiek izanen dira Ipar Euskal Herriaren odol berri eta indarra, etorkizuneko exekutiboak, proiektu berrien eramaleak, bertako edo kanpoko gazteak izanik ere. Anitzetan zahartzen jotzen den jarrian, onartezina da urtez urte milaka eta milaka gazteren odolustea...

Iduri luke jadanik, adar zientifikoa eta teknologikoa Cantauko eremuan eraikiko dela. Egokia litzateke IUTko informatika sailak bat egitea eremu horrekin, gaur egun Baionako hirierditik erabat isolaturik baitago. Angeluarrendako ere onuragarri litzateke, 3.000 edo 4.000 ikasletara heltzeko ahalegina egiten bada angeluar eremu horretan.

Horrez gain, Baionako unibertsitate egitasmo handi bat behar dugu. Zerk berpiztu dezake Baiona Ttipia, gaur egun ustentzen ari delarik? (...)

Jean Michel Larrasket, Enbata, 1998-I-29

Gure Mendea