1998ko hemeroteka

Deiadar: Euskarari Lege Geriza

Duela zenbait hilabete sortutako Euskara Elkarteen Topaguneak bere bidea egiten dihardu herrietako euskara elkarte eta taldeak koordinatuz, optimizaziorako oinarriak jarriz, eta euskaraz bizi ahal izateko xede horretan, irakaskuntza, instituzioek... heltzerik eta eragiterik ez duten gune, rol eta jardunetan.

Elkarteon ugaritzeak, azken urteetan zerbait moteldu bada ere, aurrera darrai; azkena Bizkaiko Zaldibarren Eixu elkartea joan den larunbatean aurkeztu baita. Zorionak eta eutsi goiari! Egun Euskal Herri osoko 32 taldek, denon artean 6.500 bazkide inguru, osatzen dute Topagunea. (...)

Komunikazio eta informazioaren karietara ezin alde batera laga bi hilabetean behin kaleratuko den Topaberri barne buletina. Baina bai geure ohiko jardunean formazio gehiago sortzen denez, hemendik aurrera zuzendaritzak jorratutako eta erabakitakoaren berri igorriko da elkarte orotara. Herri komunikabideei dagokienez herri telebisten gaia ere jorratu nahi dugu eta proiektu berrien garapenerako irtenbide posibleak aurkitu nahian gabiltza. Horretarako batzar berezia deituko dugu maiatzean, dauzkagun oinarrizko txostenak eztabaidatu eta martxan dauden proiektuak ezagutzeko. Kulturgintza arloa sustatzeko ere badihardugu ahaleginetan eta horren lekuko da apirilaren 26an Hernanin egingo den jardunaldia, kultur zirkuitu zenbait martxan jartzeko xedez eta, bide batez, kulturaren kontzeptuaz hausnartzeko. Horrez gain eta egitasmo sektorialei dagokienez, aipamen berezia egin gura nuke Durangoko Berbaro Elkarteko gazteria sailak egin duen ahalegina, apirilaren lehen asteburuan, gazte topaketak antolatuz. Horrekin batera esan baita ere, udazkenean, Lasarten izan dela hitzarmenen gaineko jardunaldia. Eta aurtengorako aski izango delakoan, EHUko Soziologia sailarekin elkarlanean, geroko baliagarria izango zaigun ikerketa-lana burutu nahi dugu udazkenean. Ondorioak interesgarriak izanik ere, beti egin liteke gehiago eta egin beharra dago, hizkuntza txikien biziraupenerako sasoi gogorrak baitatoz globazazio, homogeneizazio eta merkatu-irizpide hutsak nagusitzen diharduten garaiotan.

Itxaropena eta izateko gogoa arnasa direnez, euskalgintzan, azken urteotan, eman dira bai urrats politak, baina hala ere eginkizun duguna gehiago da egina baino. Zeregin horretan Euskara Elkarteen ekarpen nagusiak euskaldungoa trinkotzeko apustua eta euskara ingurune afektiboan txertatzea dira.

Gerora begira, ondorio gazi-gozoetara mugatuta jarraitu nahi ez badugu, kontuan edukita Euskal Herriko berezko hizkuntza berreskuratzeko ahaleginetan dihardugula, helburu noblea, beraz, ezinbestekoa zaigu gizarte-ekimenari darion aberastasuna eta gaitasuna hobeto baloratzea, beste edonon egingo litzatekeen moduan. Jakina, desioak ez zapuzteko baliabideak eta baliabideak behar ditugu euskalgintzak, gure etxean gizartearen periferian eta eskale gisa ibil ez gaitezen.

Emilio Lopez Adan Beltza, Argia, 1998-IV-27

Gure Mendea