Liburuaren egunaren ondorengoa
Bat. Liburu Egunarekin batera Euskadiko editoreen lehendakariak aurkeztu zituen datuen gainean idatzi nahi dut. (...) Euskal liburuen salmentak %24 gutxiago egin du 1996 urtean. Datu bat da. Prentsan eman den informazioaren arabera nekez kontrastatzen ahal den datua, alabaina. Kasu honetan, badirudi —badirudi— fakturatu den kopuruaz ari direla, salmentek kutxan utzi duten diru gordinaz. Esan nahi al du honek gutxiago irakurtzen dela? Ez ezinbestean. Ez eta euskal liburu gutxiago saldu dela ere. Nekez gerta liteke horrelakorik, egia da, baina litekeena da liburu merke gehiago saldu izana: mila eta bostehun pezeta balio duen liburuak bostehun pezeta balio duen liburuak bostehun pezeta gehiago uzten ditu kutxan ehun pezeta balio duten hamar liburuk baino. Bestetik, datuen eremu geografikoa ez dago erabat garbi. Euskaraz atera diren tituluen ia %90 EAEn ekoiztu omen dira, «eta %6 Madrilen». Ezin jakin Nafarroan eta Iparraldean zer gertatu den. Euskadiko editoreen lehendakaria, Lorenzo Portillok, akusazioa egin zion Kultura Sailari, «gaztelerazko produkzioa baztertzen duelako euskarazkoaren aldean». Berripaperak «akusatu» duela dio. Hori ere datu bat da.
Bi. Topiko aski zabaldu baten arabera, irakurtzea ona da. Ezin jakin norentzat edo zertarako. Irakurtzea ariketa bat da, are, ona izan daitekeen ariketa. Edo ez. Segun eta nola. Lasterka egitea ere ona da. Batak zein besteak, ordea, entrenamendu pixka bat eskatzen du. Kristo guztiak lasterka egiteari ekin zionean hainbat gauza esplikatu behar izan ziren: poliki joan behar zela, material egokia behar zela... Batzuk besaulkitik altxa eta maratoia egitera abiatu zirelako, mendiko botekin, eta lesioak zein bihotzekoak kezkatzeko moduan ugaldu zirelako. Nago irakurtzearekin antzeko zer edo zer gertatzen edo gertatu zela.
Hiru. Guztiarekin ere, inork ez dezala pentsa datuaren balizko larritasunaren itzuri nabilenik. Aitzitik, bizi garen herriaren nolakoa ikusirik, batzuetan mirakulua iruditzen zait euskal liburuaren industria izatea bera. Audi, Saab eta BMW dauzkagun ikustea aski, konprenitzeko herri honetako seme-alaba prestuenen bizitzetako helburu nagusia ez dela izan letren dantza. Etxeko premua negoziotarako trebe izan ez eta, kirolari atera denean, gaitzerdi. Politikariak edo profesionalak izan badira, tira. Erlijioak edo armek ere ospe handiago duten gurean. Lehen euskara mirabeekin mintzatzeko hizkuntza bazen, orain hizkuntza zaindu eta lantzea langabetu, mediokre eta alferren kontua da.
Jon Alonso, Euskaldunon Egunkaria, 1998-IV-29