Motxila bete harri
Ez omen zen joko bat besterik. Eta orain, komunikabide antieuskaldun eta antiabertzale guztien erauntsiaren ondoren, euskal eta erdal prentsa abertzalearen aspertzerainoko kontraerasoa pairatu behar dut.
Harriak bere testuinguruan ulertu behar ditudanez, aspaldian buruz dakidan erretolikarekin berotzen didate belarria gutunez, artikuluz, elkarrizketaz:
Tortura pairatzen dugunok torturatzaile bezala azaldu nahi gaituzte. (Gaztelaniaz egiten duena zigortu egiten dugu, gaztelania zapaldua dago Euskal Herrian, euskaldunok gara zapaltzaile).
Benetako kartzelak ez daudela Espainian irentsarazi nahi dute, ETAk dituen zuloetan baizik. (Ministroak izuaren museoa bilakatu nahi du Ortega Lara bahitua egon zena).
Bahitu eta torturatu egin dutenak abertzaleok garela saldu nahi dute Europan. (Teoria xenofoboak gezurtatzearren ETAko maketo bat azaldu zelarik ziega batean bere buruaz beste eginda, isilik gelditu zen Unamuno txipia. Haatik, ez zuen aldatu ETAk Ermuan maketo bat hartuta hil zuelako bere diskurtsoa).
Halaxe saiatzen zaizkit ezer abertzaletik kanpaina mediatikoek nola funtzionatzen duten esplikatzen, sobera denak antzeko, telebistak nola lor dezakeen Espainiako iritzi publikoak sinets dezan ezker abertzalekook garela faxistak hemen. Nardatzerainoko jarduna, esan dizuet, «azken gertakarien» espontaneitate eza erakutsi beharrez eta espainiartasunaren indar ultzek nolako azpikeriak egiten dituzten irakatsi asmoz.
Ume bat banintz bezala sentitzen naiz abertzaleon txingortearen azpian, euskaldundu beharreko ume bat Zeanuriko udalekuan. Etsaiaren estrategia gaiztoa esplikatzen didate, alegia, etsaiak zamatzen duela gure motxila, omen, orain arte harriak berak ere inmoralitatez kargatu izan dizkigula jakin ez bageneki bezala.
Ez zait zalantza mendreenik ere sortzen: intifada aldrebestua ere, sinetsi eginen dut lehen harria jaurti duenaren inuzentzia. Baina on ustez edo hobe asmoan edo helburu jatorrez eginiko zabarkeriak zabarkeri dira. Euskaragatik sortu da halako arrabotsa, noski, euskara tartean izan ez balitz komunikabideek ez liokete horrelako garrantziarik emanen azken finean ingenuitate handienean eginiko joko traketsari. Baina abertzaleok ere ezarri ditugula harriak geure motxilan, abertzaleon hutsegiteek permetatzen dutela estatu honetako ezkerra eta eskuina elkartzea gure suntsitzeko, aitortu behar genuke lehenik, hemendik harat berriro oker ez gaitezen saiatu ahal izateko.
Izutua nago, esan dizuet Zenaurira eraman zuten umea naizela. Eta ume honek badauka izutzeko eskubiderik udalekuetako arduradun batek «haur batzuen gutunak irakurtzea ohiko praktika da, baina soilik arazoak dituztenenak, gero gurasoekin hitz egiteko» publikoki esan eta inor aztoratzen ez denean. Nik, izan ere, arazoak baitauzkat.
Kartzelari bat hilduratua ikusten dudalarik, «okerragoak egiten dizkiete gureei» esaten didate alboan, lasai nadin. Zinegotzi bat bahitua eta hila azaltzen delarik, «Gobernuak dauka errua» entzuten dut inguruan, zuzen nadin. Liburudenda baten erasoak durduratzen banau, «berdin jokatuko lukete botikategi bat izan balitz, kondenatzen dutenei ez zaie kultura ardura» oroitarazten zait aldamenetik. Izutu egiten banaiz umeok zigortzen gaituztelako, «beste ikastetxe eta aisialdi lekuetan zigor horiek baino gogorragoak izango dira» esaten dit pedagogo batek, edo «gurasoek ere erabiltzen dituzten bide okerrak eta zigorrak, eta ez da ezer gertatzen». Nire begiraleek estatuaren basakeria zernahiren estakuru dela, uste dute funtsean. Nire begiraleek uste dute familia harremanak zigorrean oinarritzen direla. Nire begiraleek beraien familiako nahi naute. Begiraleek inguratuta nago, eta etsaiaren kanpaina zikin bati esker jakin ahal izan dut nire gainean erabiltzen duten pedagogia —okerra izan arren— borondate onekoa dela.
Zozo, ergel, motz, neure buruari galdetzen diot: euskara egon ez balitz tarteko, zigortuko ote gintuzten? Ez naute lasai uzten erakuntzak ekar ditzakeen ondorioek.
Aberriak, zer justifika lezake?
Ikasi nahi dut, baina harriak, birtualak izanik ere, astun zaizkit.
Koldo Izagirre, Argia, 1997-IX-7