1997ko
hemeroteka
Guggenheim eta ikuskariaren politika
Kritika kulturala gure artean aspaldian sortu zituen Guggenheim museumak ekarriko zituen gabezia kulturalei buruzko kezkak. Alde batetik, museumaren barne antolamenduari buruz hitz egin da eta kritikatu Bilboko erakustareto erraldoiak zer nolako edukiak izango dituen eta, batez ere, nork izango duen eskumena beronen politika kulturala erabakitzeko.
Kritikatu dira, halaber, herri antolamendu kulturalari begira, museum honek euskal kulturarekin izango dituen zorrak. Esan nahi baita, diruz oso aberatsa ez den gure kulturgintzari izugarrizko diru xahutzaile erraldoia sortu zaiola ondoan. Euskal kulturgintzarako aurrekontu eta diru laguntzak murrizpen handiak jasaten ari dira. Eta honi buruz kezkak eta ezinegonak besterik ez dira etorri euskal kulturgintzaren sektore guztietatik, azken batean etorkizun kulturalaren osasuna ere baldintzapean jarri bailiteke.
Zer gertatuko zatekeen, Guggenheim museumarekin xahutu diren diru partida horiek edo, bederen, zati txiki bat sortzaileei beraiei eman izan balitzaie?
Gertatzen da, ordea, botereko politikariek etekin zuzenak behar dituztela beraien erabakien ordainetan. Politikariak bere kudeaketa kulturala saldu behar du politikoki. Eta, jakina, oinarrizko kulturgintzari dirua luzatuz gero, politikariak ez du epe laburrean etekin zuzenik jasotzen. Beraz, definizioz, botere politikaria ez da politika banatzaile demokratikoaren aldekoa. Jendeak berehala identifika ditzakeen ekintzak nahi ditu, berauek ospea, izen ona eta gainerako nabarikeria sinbolikoa eransten baitizkio bere jarduerari. Berdin antzera dio politikariari herriaren azken helburu kulturalak, definizioz ez baitu epe luzera jokatzen, epe luzeak herriaren onura dakarren bitartean politikariak epe laburreko onura ekonomiko eta politikoa bilatzen baititu, beretzat bezala, bere statusa eta nortasun politikoa elikatzen duen alderdiarentzat. Esan gabe doa, Euskal Herrian, gainera kulturgintza ez dela inoiz boterearekin ongi ezkondu, kritikoa izan zaiola beti edo, bestela adieraztearren, botere politikoa eta kulturgintza bide kontrajarritik joan direla. Botere politikoak eragozpenak jartzen ditu beti kontrolatzen ez duen sektore bat laguntzerakoan eta, euskal kulturgintza horietakoa da, gurean, eta zenbait ondorio atera dira dagoeneko, bakoitzak bereak.
Ander Iturriotz Lauzirika, Euskaldunon Egunkaria, 1997-I-3