1997ko
hemeroteka

Txomin Hegi: «EKEk ideia baten inguruan elkartzen jakin du»
Hazpandarra, bi seme-alabaren aita, irakaslea da ofizioz. Kantari eta antzerkilaria ere bada. 1990etik Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria izan da. Erakunde honek 7. Biltzar Nagusia burutu ondoren, kargua utzi, eta kultur sortzaile lanetara itzultzeko gogoz bizi da.
Kultur sortzailea eta militantea zinen EKEra iristean. Zer nahiago, kultur-egile edo eragile izatea?
Uste dut hautua ez dudala oraino garbi egina. Bi lanak maite ditut ororen buru, eta, bata bestearen ondotik eramaten entsegatu naiz azken hamabost urteotan. Kultur sortzailerik ez badago, ez dago kulturarik, baina sorkuntza horrek publiko bat behar du, eta arartekoak beharrezkoak dira. Eragilea biziki garrantzitsua da edozein kultur motaz mintzo garelarik. Antolatze lan honetan sartu nintzenean, sortze lanetan segitzeko denbora gehiago izango nuela uste nuen, eta osoki tronpatu naiz. Horregatik, orain berriz ere sortzaile gisa aritzeko aldatu nahi nuke ene bizimoldea.
Zure kargua utziko duzula erran berri duzu. Zer eman eta zer kendu dizu EKEk?
Kendu ezer ez. Honelako lan bat ahal bezain zintzo eramaten saiatzen zarelarik —kausitu dudan ala ez, nik erran gabe—, esan dezaket denbora kendu ez, baina denbora asko hartu didala; familiari eskaintzeko denbora, esaterako. Baina, hainbesteraino izan dira interesgarriak eta aberasgarriak zazpi urteotan ezagutu ditudan pertsonak, bai lankideak, bai erakundearen ingurukoak... Eman ditugun urratsak eta izan ditugun entseguak hain dira izan hunkigarriak, ezen alde zailak ahantzi egiten dituzula.
Duela zazpi urtetik hona eginiko ibilbidean zer azpimarratuko zenuke?
Zaila da balorazio bat egitea, oraino erakundean bainago zenbait asterentzat behintzat. Gogoan ditut bereziki gau batzuk: Elizanburu gaua edo, Ekarle baletaren estreinaldia, edo Xirrixta-ren lehen alearen kaleratzea, edo Pantxoa Saint-Esteben Lagunak kaskoan bere liburuaz mintzo... une zoragarriak. Geroztik, lagun bilakatu diren zenbait artistaren ezagutza egitea...
Rugbyaren argota erabiliz, entsegu bat transformatu dugula uste dut. Erran nahi baitut hastapenean nehork guttik sinesten zuen esperientzia honetan. Bitartekaritza lana egitea botere publiko eta kultur-egileen artean —herri elkarteekin bereziki— erronka zaila zen. Hots, gure herriaren kultura, kultur bizia bezala onartzea xede genuen, eta gutxienez hori erdietsi dugula ikusteak plazen handia eman dit.
Aldi berean, EKEk Bastidan burutu duen azken Biltzar Nagusian zein ekarpen nagusi jaso dituzu?
Anitz aipatu da ez dugula diru aski. Hor erdibidean ibilki garela. Ikusiz zeintzu diren gure beharrak, nahiak eta xedeak, gure ahalak oso murritzak direla, eta abar. Nire partitzeak ere itxura berezi bat eman dio biltzarrari; hozka bat markatzen genuela iduri zuen.
Bi gauza azpimarra nezakeen. Alde batetik, aldi bat gehiagoz, frogatu da erakundea eztabaida gune izugarria bilakatu dela. Kargudun politiko eta herri xehearen aurrean, gauzak ahoan bilorik gabe erran daitezke gaur egun. Bestalde, Iparraldean testuinguru berri batean gaudelarik, hautetsiek ofizialki lurralde eskemaren antolaketa berria onartu dutela baieztatu dugu gure biltzarrean. Iparraldean garai berri bat abian dela, eta aintzinatzean lan interesgarriak eginen direla.
Iparraldeak bere kultur erakundea izanik ere, ez dirudi aski herri honen geroa ziurtatzeko. Azken urteotan politikoen egitekoa hurbilagotik bizi izan duzu. Nola ikusi duzu hauen jarduera?
Ez dut inoiz pentsatu EKEk arazo guztia konponduko duenik, ezta itxurarik ere. Ez ditugu helburuak nahasi behar hala ere. Gu bitartekariak gara herriaren eta administrazioaren artean; aterabideak aurkitzeko eta kultura sustatzeko lan tresna bat garelako.
Egia da, hemengo politikariek ez dute aintzakotzat hartzen euskal kultura, edo ez aski bereden. Ekonomiari lotuak diren arazoei kasu gehiago egiten diete dudarik gabe. Alde horretatik, ez dut esango egiten den guztia aski denik. Baina, gure iragana zein zen, bizi dugun testuinguruari begiratzen badiogu, bide onean goazela uste dut. Agintariek euskal kulturari buruz zuten pentsamoldea erabat aldatu da. Gure kultura onartzetik eta honen alde egitera tarte handia dago, baina haien izpiritua aldatu da behintzat.
Testuinguru honetan, nola ikusten duzu alderdi abertzaleen norabidea?
Politika mundu honetan, kultur teknikaria naizen aldetik, errespetu handia diot politikan ari denari, ez baita aise politika egitea, izan dadin abertzale edo beste. Pozten naiz ikustean abertzaleen artean ahalegin handiak egiten ari direla elkartzeko, espresio horrek behar baitu bere lekua Iparralde osoan. Elkartzeko egiten diren ahalegin guztiak oso dira premiazkoak.
Iparraldeak bere geroa erabakitzeko, berezko departamendua edo autonomia edo instituzio bat behar du. Elkartze horrek ekarriko du beharrezko dugun instituzioa, bestela nekez. Guk zentzu horretan ikasi dugu nolazpait erabakiak elkarrekin hartzen eta kudeatzen. EKEren ekarpen handietako bat ideia baten inguruan elkartzen jakitea izan da. Iparraldean berezko instituzio bat izatera iristeko hori biziki garrantzitsua da.
Lehenengo militanteak oraingo belaunaldi militante berriekin ari zarete lanean EKEn. Gazteen lanak zein leku hartu du?
EKEn ezin izan ditugu gazteek aurkeztu dizkiguten ekimen guztiak lagundu ahal izan, ezta gutxiagorik ere. Zeren pentsatzen baitut haien lanak aitzina eramateko beren ahalmena frogatu behar baitute lehenik, eta bestalde ere, ez baitute gurekin betiere tratua egin nahi izan; eta arrazoia dute. Halare, anitz lan egin dugu elkarrekin, eta oso kontent naiz. Adibidez, Euskal Herria Zuzenean jaialdia —Arrosan izandakoa— izugarrizko esperientzia izan zen, eta aurten ere errepikatzea espero dut. Belaunaldiak sailkatzea ez da aise, bainan ni franko fierra naiz heldu diren gazteekin. Dudarik gabe beste garai batean sartu gara. Belaunaldi berri honetan gurean bezainbat indarra sentitu dut, borondate eta iniziatiba handia baitute. Ez badituzte gazte denak preso sartzen anitz gauza eginen dute.
Euskal Herriko II. inkesta soziolinguistikoaren emaitzek euskararen galera erakutsi dute. Frantses erakunde batek lagundu du egiten inkesta Iparraldean. Ez dirudi frantses agintariak sobera kezkatzen direnik, hala ere.
Inkesta hori Iparraldean frantses institutu batek laguntzea biziki inportantea izan da, horrek eman baitio onarpen ofizial bat. Hau da, lana serioa izan da, eta orain denok daukagu euskararen egoeraren berri. Guretzat ez da ustekaberik izan, eta haientzat balio izan du ohar daitezen erantzukizun handia dagoela geroari begira. Lan horri esker kontzientzia hartze bat izan da. Inkestak eman dituen ondorioak hobekiago hedatu beharko lirateke. Euskararen galera begibistakoa da, baina badira puntu interesgarriak nolanahi ere. Iparraldean euskara ez da sekula izan egun irakaskuntzan dagoen bezala. Inkesta horrek erabakitzaile politiko eta militante artean bere eragina izatea espero dugu.
Bestalde, Xirrixta eta Kometa aldizkarien proiektua bertan behera utzi behar izan duzue. Aldizkariaren arduradun batek, Eusko Jaurlaritzaren laguntza eskasa aipatu du prentsan.
Hori argitu beharra dago nik uste, eta aldizkarien beraien arduradunek eginen dute hain ziur. Ez dugu proiektua gelditzen Eusko Jaurlaritzak ez duelako aski laguntzen, ez da hori. Hain zuzen, hiru urtez, Europa eta Iparralde eta Hegoaldeko erakunde publikoetatik aurrekontuaren %60ko laguntza eskuratu du proiektuak. Ezin erran, beraz, ez dela lagundua izan.
Proiektua Euskal Herri osorako egina dago, eta, noski, Hegoaldeko herritarrek ez dute arras hartu beren erantzukizuna. Jendeak ez badu aldizkaria erosten eta sustengatzen ez du merezi jarraitzeak. Ez baita normala laguntza publikoaren %60 izatea. Dena den, proiektua ez da betirako gelditu. Umeentzat egin behar den prentsa-bidea ari gara definitzen, eta asko aurreratu gara.
Kultur sortzailea eta antzerkilari zara. Zein abagunetan dago Iparraldeko antzerkia?
Antzerkia bihurgune batean ikusten dut. Baikorra naiz, ez itsuki. Biziak irauten dueno antzerkiak iraunen du; eta euskaraz egiten den antzerkiak ere bai. Duela bost urte, Daniel Landartek eta biok, Iparraldean ez zela deus gehiago egiten ikusita, etsita ginen nolabait. Xirrixti Mirrixti eta Bordaxuri taldeak gelditu ziren, eta herri taldeetan ere gelditze bat izan zen.
Orain, berriz, gau-eskola eta irakaskuntzaren inguruan, Branka, Lekuine eta Armendaritze herrietan antzerkia egiteko eskaera emendatzen ari da berriz ere. Antzerkia egiteko praktika sozial berri bat sortzen ari da; biharko publikoaz interesatuta. EKEtik talde hauen jarraipena egiten ari gara; sentsibilizazio eta formakuntza lanetan laguntzen.
Bordaxuri taldeak Larzabalek idatzi "Bordaxuri" obra klasikoa taularatuko du laster; muntaia berritu eta gaurkoturik. Gure formakuntza tailerretik atera gazteak Bordelen eta Parisen buru-belarri ari dira lanean zuzendari ospetsuekin, eta nahikaria badute euskaraz zerbait sortzeko ere.
Zu, berriz, irakaskuntzara itzuliko zara ala antzerkian aritzea duzu gogoan?
Zaila zait zerbait erraitea. Antolakuntza lanetik bederen urrundu nahi dut. Alde batetik nekatua naizelako, eta bestetik beste asmo batzuk ditudalako. Ez da erraz, inguruan presio gisako bat sentitzen baitut: «Urrundu baino ez sobera luzaz», esaten didate. Ez naiz ausartzen erabakia betirako hartu dudala esatera.
Irakaskuntza hor dago, eta maite dut. Baina nahi nuke euskara gehiago landu, baita antzerkian hobekiago formatu ere. Nire nahia formakuntza ikastaro bat egitea da. Euskaraz egiten den antzerkitik haratago joatea, eta, berriz ere,euskal antzerkira itzultzea zerbaiten berri egiteko.
Mikel Asurmendi, Argia, 1997-IV-13