1996ko
hemeroteka

Unai Iturriaga: «Baserrietatik aterako balira gaur egun bertsolari gutxi izango lirateke»
Bertsolaritzan berpizte nabarmena izan da azken urteotan. Gauza berriak ere egin dira, eta horren lekuko Amuriza, Sarasuatarrak, Egaña eta zu zeu zarete. Baina, bestalde, iritzi kritikoak ere izan dira, Patziku Perurenarenak agian sonatuenak. Bertsolaritzaren sena galtzeko arriskurik ba al dago?
Bertsolaritza, beste gauza asko bezala, garai batean garatutako usadioa da. Ohitura bezala hartzen baldin badugu, ohitura egunero egiten ari den gauza bat da.
Hauxe izan da, hain zuzen ere, Alarderako erabili den arrazoietako bat. Bai, egunerokotzen dago, baina, noski, Patziku Perurena euskaldun jatortasunaren apologo bat da. Neurri batean, beste garaiko bertsolaritzak alde onak zituen, asko gainera, eta beharbada naturaltasun gehiago ere, naturaltasuna kanpoko kutsadura dela ulertuta.
Perurenak dioenez, garai bateko bertsolariak nahiko pertsonaia marginalak ziren. Gaur, ordea, unibertsitario franko dago.
Bai, baina hori erlatiboa da. Marginalak ziren baina, aldi berean, mirestuak ere. Ez ziren unibertsitarioak, baina ezta albaitariak ere. Beste gizarte mota zen garai hartakoa. Orain desberdina da. Bertsotan hasteko arrazoiak, bertsoak lantzeko modua, hau dena beharbada ez da hain espontaneoa, baina ezer ez da orain hain espontaneoa, ez bertsolariak ez eta ofizio gehienak ere.
Dena inguru batek ukituta dago, hor daude komunikabideak eta bariante asko. Naturala ez dela? Nork bere baserrian egindakoa ez dela? Noski, baina baserrietatik aterako balira orain bertsolari gutxi izango litzateke.
Hortaz, esan al liteke gizartea aldatu den heinean bertsolaria ere aldatu egin dela?
Nik uste baietz. Urte batzuetatik hona, zorionez, gizartera egokitu da asko. Bertsolaritzaren esparruak aldatu dira. Bertsolaritza ez da bakarrik baserrietatik bajatu; kalean sartu da eta bere esparruak sortu ditu.
Horren ondorioz, bertsolaritza ulertzeko modu desberdinak ematen dira. Badira batzuk taberna batean saio esperimental bat entzuten difruta dezaketenak, baina aldi berean frontoi batera jaialdi bat entzutera sekulan joango ez direnak eta alderantziz. Nik uste dut bertsolaritza pluralizatu egin dela eta aukera ere zabaldu egin dela.
Diario de Noticias, 1996-VII-26