1996ko hemeroteka

Belarria falta

Hizkuntz Politikei buruzko Unesco-ren Mintegian ildo polit bat berretsi da: euskararen esperientziak badu zer erakutsirik munduko hizkuntza gutxituen bidean. Zer ikasia aipatu da akaso gutxitxo. Baina tira. Poztekoak dira Bolivia aldean egindako ekarpenak ere.

Maien lurraldetik truke plan bat ekarri dugu azaroan. Guatemalako erakunde Maia publiko nahiz sozial garrantzitsuenek bultzatu eta sinatua: Guatemalako Hizkuntza Maien Akademiak, Hezkuntza Elebiduneko Programak, Erakunde Maien Kontseiluak, Rigoberta Menchú Fundazioak eta abarrek. Plana zehatza da, xumea: euskalgintzako esperientzia eta erakundeetatik 12 pertsonako delegazioa hara bidaltzea esperientziak trukatzera. Garapen proiektu merke bat da, eta potentzialtasun handikoa, aurtengo gure esperientzia ikusi ondoren. Bi hilabete dira plana eta bilera eskaria Jaurlaritzan daudela. Erantzun ere ez.

Sinesten dut, hala ere, bide horretan: truke, bizinahiaren esperientzia txikien trukea. Hori da eskatu dutena. 'Bizinahi' hitza ez dago kasualitatez. 'Txiki' hitza ere ez. Txikigintzan gara, zalantzarik gabe, aberatsenak. Eta txikiak ikasi ere egin nahi izaten du, ez bere burua erakutsi bakarrik. Nolanahi ere, onartzen dut Hizkuntz Politikaren diseinuak ere balio dezakeela trukerako.

Begira dezagun, bada, gure baitara, gure Hizkuntz Politikara. Nondik epaitu? Euskal munduaren iritzi tenperaturatik. Eta zer dio tenperatura horrek? Ezinegona, aro baten bukaera, aldaketa beharra.

Landareei eta hizkuntzei irizpide ekologikoak aplikatzen ikasi dute, piskanaka, gure agintariek ere. Badituzte halako mira ekologiko solte batzuk. Baina gero, kultur politikan, balore horien kontrako bidetik jotzen dute: pentsamenduaren inportazioa, homologazio sindromea, gutxituaren konplexuak. Eta konplexu horien erradiografia dira, adibidez, Kultur Sailaren aurrekontuak (Guggenheim, Donostiako Zinemaldia, euskalgintza... oro har, dena). Konplexuak, presioak, eta pentsamendu problemak. Guzti horri erantsi botere-gaitzak, eta horra emaitza: aurrekontuak.

Euskararen unibertso kulturala da gure landarea, besteekin batera. Bizi-historia, bizi-baldintza, bizi-joera eta bizinahi beregainak dituena. Landare askoren antzekoa da, ingurune anitz batean dago, lurraldea ez da berea soilik... ados. Baina landarea da. Eta non ditu bere beharrak, berezko joerak, gara-nahiak, lehentasunak? Egon adi bere barne-izerdiari: bere pentsamenduari. Egia da pertsona bakoitzak bere okurrentziak, ideiak, ikuspegiak eta aditu faboritoak dituela. Baina zer dio euskararen unibertsoaren pentsamenduaren norabideak, trukeak? Esan egin behar al dut non sortzen den pentsamendu hori? Ez al dio administrazioak oraindik bere buruari galdera hori egin? Ala bere burua dauka pentsalaritzat, nonbaiteko aditu batzuen laguntzaz?

Erroko akats bat dauka gure Hizkuntza-Kultura Politikak: ez du aintzat hartzen euskararen unibertsoaren pentsamendua. Ez da adi-adi egoteko gai. Bi gauza falta zaizkio horretarako: argitasuna, eta batez ere, apaltasuna.

Jon Sarasua, Argia, 1996-III-24

Gure Mendea