1996ko
hemeroteka
San Martzialetako alardea, edo lehendik pattal zebilena nola txartu
San Martzialetako Alardea dela-eta bazen 70eko hamarkadan ere zalapartarik Irunen. Ospakizun horretan gogoratzen da izan zela Aldabeko haitzetan euskaldunen arteko gatazka gogorrik 1522an. «Izan zuten gerra eta frantsesen eta alemanen aurka gipuzkoarrek izandako bataila» gogorarazten digute 1773az geroztiko idazkiek. Gipuzkoarrek galdu zuten.
Batailen inguruko ospakizunak eztabaidagarriak izateaz gain, bada gogoan izan beharreko beste zera bat San Martzialetako Alardea dela eta. Izan ere, alemanak eta frantsesak nafarrei laguntzera etorriak ziren, Fernando Katolikoa erregearen tropek 1512an kendutako independentzia berreskuratzen laguntzera.
Eta hortxe sortzen da abertzaleen kezka: «Nolatan ospatu Aldabeko haitzetan nafarrek galdu egin zutela gudua, aldi berean Amaiurko gazteluan —'independentzia nazionalaren azken gotorlekuan'— azaldu zuten ausardia eta erresistentzia goraipatzen badira?».
Mugimendu abertzalea ttikia edo testimoniala izan zen bitartean, ezikusiarena egin zioten denek gai honi. Baina Transizio Politikoak aurrera egin ahala aldatu ziren kontuak. Festa kentzerik ez zegoenez (inongo herrik ez du ametitzen festarik kentzerik, edozein duelarik ere jatoria), Tradizioa aldatu behar, ideologia berriei egokitu, batailari justifikazio berriak bilatu. Eta aurkitu zioten (ez zen ideia txarra izan) abertzaletasun berriarekin uztartzeko moduko zerbait: foru milizien desfilea (alardea). Jakina da herri guztietan zegoela horrelako miliziarik, armak erabiltzeko adinean ziren gizonezkoek osatuak. Historiografiari muzin egin eta zeozer neutroagoa jaio zen, garai berriei hobeto egokitua (sustraiak bilatu, eskubide historikoak berreskuratu, bota abertzalearen hazkundea, Jaurlaritzaren sorrera...).
Nihil obstat. Eragozpenik ez. Kasik. Zeren eta milizia haiek sortu zirenetik gaurdaino izan du aldaketarik gizarteak. Eta horietan aipagarrienetakoa emakumezkoen plazaratzea izan da, zeregin publikoetara biltzea (judikatura, unibertsitatea, armada, parlamentuak, udalak eta abar).. Foru miliziak munizipalak zirenez, horretan ere festa egokitu beharrean gara, emakumezkoon zergak ere erabiltzen baitira hori ordaintzeko. Nola justifikatu biztanleriaren erdia festatik bazterrera uztea?
Ongi etorria bedi nafarrentzat iraingarria zen festaren aldaketa. Alda bedi tradizioa behar bezainbat bider. Baina ez istilu iturri berririk sortuz. Horixe baita San Martzialetako Alardearen Batzordeak, Buen Lacambra alkate sozialista buru zuela, maiatzaren 11n egin zuena. Foru miliziak hartzea aitzakiatzat Alarde berria sortzeko ez dator bat egiarekin, baina balekotzat jo genezake. Emakumezkoak festa eremutik kanpo utzi nahi dituzte, ordea. Eta Garibai historialariak diosku zorioneko bataila hartan Irungo emakumeek ere izan zutela parte-hartzerik, guztiz erabakigarria gainera.
Tradizioaren aldaketa, Nafarroa eta antimilitarismoari dagoenez, onuragarria eta txalogarria izan da. Baina, zer dela-eta hainbeste gizon (eta emakume ere; matxismoak ez du sexurik) haserre eta asaldaturik Irungo emakumeek ere Alardean alaitsu desfilatu nahi dutelako, beren aurrekoek aspalditxo, 1522an, egin zuten modura?
Idoia Estornes (historialaria), Argia, 1996-VI-16