1996ko
hemeroteka
Fito Rodriguez: ĞA eta B ereduek ez dute lortu legeak berak agintzen duenağ
Euskal Eskola jadanik eginda dagoela esan al daiteke?
Ez, Euskal Eskola egiteke dagoen zerbait da, irakaskuntzako hizkuntza ez baita euskara. Eta horretara ailegatzea ere ez da planteatzen. Katalunian, esaterako, desberdin da. 1983an onartu zen Katalanaren Normalizazio Legea eta horren arabera antolatu zuten irakaskuntza. Klase guztiak, bai unibertsitatean eta bai beste mailetan, katalanez ematen dira, ez dago hemengo A edo B eredurik, murgiltze metodoa baizik. Euskal Herriko eskoletako hizkuntz ereduak politikoak dira, ez pedagogikoak.
Ereduak politikoak direla esatea ez al da asko esatea?
Ez, ez da. Ikerketa asko egin da eta guztiek demostratu dute A eta B ereduek ez dutela lortu legeak berak agintzen duena, hau da, hamalau urterako, bai hezkuntza pribatuan eta bai publikoan, ikasleek euskara eta gaztelera menderatu behar dituela. Hori lortzeko bide bakarra da: euskaran murgiltzea. Izan ere, D ereduan ikasten dutenak soilik dira bi hizkuntzak menperatzen dituztenak. A eta B ereduetan dabiltzan ikasleak, eta gurasoak, estafatuak izaten dira. Ereduen aukeraketaren inguruan, beldur izaten ari dira. Ereduen aukeraketaren inguruan, beldur faltsuak zabaldu dira: D ereduan ez ote duten seme-alabek gaztelera ondo ikasiko, ezin izango ote zaien etxeko-lanak egiten lagundu.
Zer nolako pedagogoak ari dira irteten gaur egun fakultatetik?
Datu bat emango dizut: aurtengo nire ikasleetatik 80 euskaraz ari dira ikasten eta 200 gazteleraz. Euskal Herriko Unibertsitatea pedagogo erdaldunak produzitzen ari da. Nola egin euskal eskola publikoa horrela? Kontraesan izugarria da. Magisteritzako ikasleekin ere antzeko zerbait ari da gertatzen. Baina politikoek ere badute errurik. Historikoki, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila alderdi estatalisten esku egon da, PSOEren esku, eta hauek nahiago izan dute beti estatuarekiko lotura azpimarratu Euskal Eskola propioa bultzatu baino. Orain Eusko Alkartasunaren esku dago sailburutza, baina aurrez egindako legeak aplikatu baino ezin du egin Inaxio Oliverik.
Egin, 1996-VII-6