1996ko hemeroteka

Zinpekoen Epaimahaia eta hizkuntz eskubideak

Izena bera ere ez da oraindik finkatu. Zinpekotza, Juradoa, Zinpekoen Epaimahaia, agian denak sinonimo baliagarri, agian lege bapateko horrek hiritarrongan piztu duen danbateko nahasiaren beste seinale. Tipiko, ohiko edo eta dogmatikotzat hartu izan dituzte neure ezagun batzuek, lege berri honen inguruan neronek aurreratutako zenbait hausnarketa, hesi gorrigualdez inguraturiko legea izan zitekeela, kasu.

Lerro sorta honetan ordea ez naiz horretan luzatuko. Berretsi besterik ez dut egingo, azpimarratuz gainera, esandakoa. Euskal Gizartearen bizitza eta iharduera, oinarrian, mugitzen dituzten lege guztiak, den-denak, 1978. urtean asmaturiko Konstituzioa dute ama, errejionalzaleok hainbat maite duten Gernikako Estatutuak barne. Burujabetasun gabeziaren ispilu.

Neure kezka, hizkuntza eskubideen aldetik doa oraingo honetan. Burujabetasun ezaren beste seinale-izpi bat den Zinpekoen Epaimahaiaren lege honek gure ahoaren jabe izatea ere ukatzen baitigu. Eta legearen artikulu idatziak argiak baldin badira zentzu horretan, are argiagoa Joaquin Gimenez majistraduak duela gutxi adierazitakoa. Dardara. Legearen testuak hizkuntz eskubideak bortxatzen baldin baditu, lege horren inguruan eginiko majistradu horren interpretazioak bortxaketa areagotu egiten du, ene ustez. Dardara, berriro ere.

Zinpekoen Epaimahaiaren legean hizkuntz eskubideak eta zuzenbide arloko prozedura penalek zenbait interpretazio orokor ez dira aintzat hartzen. Areago, bortxatu egiten dira.

Egia da, ordea, hizkuntz eta penal prozedurak dituzten zenbait printzipio epaitegietan egunero bortxatu, urratu egiten direla. Aspalditik. Ez da, beraz, kontu berria. Zinpeko Epaimahaiaren legeak, bestalde, arazo hau 'larriagotu' egiten du, hizketa egin dezaketenen kopurua asko zabaltzen duelako, entzungo dutenen belarriak askoz gehiago izango direlako eta hizkuntz eskubideak denontzat berberak baldin badira ere, bortxaketa jende gehiagorengan gertatu ahal izango delako.

Teoria mailan gabiltza oraindik. Balio juridikorik gabeko praktika saio bat besterik ez dira egin inguruko epaitegietan. Praktikak, benetakoak, emango digu bortxaketa horien berri, bere gordintasunean. Praktikak erakutsiko digu Euskal Herrian ez dagoela demokraziarik, euskaldunontzat ez dagoela demokraziarik, euskaldunontzat ez dagoela justiziarik, berdintasunik, hizkuntzen munduan; espainola dela lehen mailakoa eta euskara bigarrenekoa, baita ofizialki ere. Aipu hori, tipiko, ohiko eta dogmatiko gerta badaiteke ere.

Joaquin Gimenez, Bizkaiko Entzutegi Probintzialeko majistradu nagusiak, euskaldunoi espainolez aritzeko iradokizuna doi-doi luzatu zigun. Begirunez joka dezagun eta, espainolez aritzeko epaitegietan. Zutabe bat baino, Argia-ren ale osoa mereziko zukeen aipamena izanik, ezin ditut hain tarte txikian datozkidan iritzi, uste eta larritasunak hemen utzi. Ikara, ordea, nagusi. Dardara.

Beste ale oso bat ere mereziko luke Gimenez jaunak, bere agerraldi diztiratsuan, proposatu zuen 'itzulpena'-k (epaitegietan) eta laburki adierazi nahi dut horrela ere aipatu eskubideak modu berberean bortxatuko lliratekeela, eta arazoak lehengo beretsuan jarraituko lukeela.

Zinpekoen Epaimahaiaren inguruan, intsumisioarena serioski planteatu beharko badugu ere, oraingoz, harik eta jokoa martxan jarri arte, itxaron eta haserako pausuetan sar gaitezen ustezko demokrazia honen gezurra berben bidez biluzten. Zerri aska zain baitago aspaldi. Esaten den bezala, gero gerokoak.

Luis Barinagaerrementeria (abokatua), Argia, 1996-I-28

Gure Mendea