1994ko
hemeroteka
Atxagarenekoak
Euskal Herriko periodikuek, eta Euskal Herriari buruz mundukoek, siglen klabean hitz egiten dute. Atxagak sortutako Obaban berriz ez dago siglarik, paretetako leloak idazteko sprayrik saltzeko dendarik ez dela zabaldu esan nahi dut. Obaba pakean bizi dela ematen du, eta gezurra da, ni ez naiz bertatik atera joan den berrogei urtean eta ondo baino hobeto dakit.
Gehiago esango dut. Amorrazioa eman izan dit Donostiatik, Bilbotik, liluraz, samurtasunez, identitate galduaren bila ibili direnen gurasokeriaz begiratu izan digutenean obabatarroi. Amorrazioa, ezer gutxi pentsatu eta egiteko gai jo gaituztenean, amorrazioa gure hizkuntzaren musika ankerra dastatzeko magnetofoitzat hartu izan gaituztenean. Amorrazioa Atxagarenean hori besterik ikusi ez dutenena, gehienena, somatu dudanean. Berdina gertatu zait Obaba inperio bihurtu nahi izan duten bertatiarrekin.
Uste dut badakidala Atxagak zer egiten duen eta, "showman" ona izanik ere, ez dela jendeak esaten duen adina lotsagabe nahiz alanbrista partikularra izan. Horregatik galdetu izan dut inoiz zergatik ez dagoen behirik Hamburgon, zergatik ez dagoen Obaba ez denik hemen, nik ez baitut obabatarra izan nahi, Obaban sufrimendua inon baino sufrimenduago delako. Horregatik galdetu izan dut zergatik jendeak ez duen ulertzen sufrimendu hori, zergatik ixiltzen den Atxagari eskatu nahi zaion hori, edo zergatik iruditzen den Atxagak esan behar lukeen egia ezkutatu egiten duela. Periodikuek bezalaxe pentsatzen dugu.
Bitartean Atxagak bakardadean segitzen du. Ez du paretarik pintatzen eta bere jendea, nahiz Kataluñan, nahiz polakoekin harremanatuta, nahiz beste inon, bere artetik atera gabe jarraitzen du, obabatarrek obabatarrekin tratatzen dute, diplomatikoenak eta argienak barne, obabatarrek maite eta obabatarrek gorrotatzen dituzte, beren zurrunbilotik atera eta hilko liratekeenak dirudite, ez daukate siglarik, ez daukate ñabardurarik, lagunartea eta etsaiak bakarrik dauzkate eta hainbeste ahalegin egin ondoren apenas gelditzen zaizkien ideien kondarrak apaingarritzat janzten dituzte.
Pelikula sonatu bat, erdal nobela saldu bat eta ulertu nahi ez duenari berriro emandako esplikazio bat izan daiteke. Zer axola titulua? Atxagarena azkena.
Ramon Etxezarreta, Argia, 1994-I-14