1993ko
hemeroteka
Euskaltzale eskuindarren alde
Zuei ari natzaizue, EAJko kide euskaltzaleoi. Suminik eta erreminik gabe, argi, aldizkari honen izen eta izanak eskatzen duten legez. Iritsi baita aitorpenetarako garaia eta, zuen alderdiak Arriagako hartan abertzaleak ez zirela euskotar bakarrik aldarrikatu zuen moduan, ezker abertzaleak ere aitortu beharra du, bere baitatik kanpo ere badirela euskaltzaleak. Ni behintzat horretarako gertu nauzue.
Egia baita, asmo hegemonikoak egon direna, aspaldiko garaietan behinik behin. Gizarte berri eta euskalduna nahi baikenuen, ez oraingoaren kopia hutsa, bikoizketa soilik aldatuta. Denboraren makila bezalakorik ez dagoela eskarmentatzeko eta guk ere ikasi dugu historiatik: orain bertan ez genioke hain erraz muzin egingo bikoizketa txar horri.
Zuek ere onartu beharko duzue, halare, ez duzuela zintzo jokatu euskaltzaleekin. EAEn nagusi zinetela eta ezin eraman izan duzue mugimendu euskaltzalean gutxiengo xixtrin izatea; hala, botoen legitimitatea esku batean, diru-iturrien giltza bestean, kontrolatzen ez dituzuen erakunde guztiak makurrarazi nahi izan dituzue, men egin edo ito. Gizarte eta ekonomiarako proposatzen duzuen liberalismoa ahaztuta, burokraziaren zurrunkeria zabaldu duzue. Langile finak zapuztuta, morroi txepel eta ezgauzak aupatu dituzue.
Baina iritsi da elkarlanerako ordua. Elkarren premia baitugu, behar gorria. Guk ezingo diogu kosk egin ogia eskatzen digun eskuari, bale, baina zuek ere ezin euskara salbatu euskaltzaleak iraindu eta uxatu ondoren.
Elkarlanak, ordea, oztopo nagusi bat du, izen-abizenekikoa: Joseba Arregi. Zuetako batzuk usteko duzue, agian, alderdiari kalte egiteko erasotzen diogula Arregiri. Ez da horrela. Arregiri bost axola zaio euskara eta bost axola alderdia. Bere burua besterik ez du maite, eta alderdia erabili gora eta gora beti igotzeko. Tranpolina garaiz kentzen ez badiozue, laister ohartuko zarete odola xurgatzen ari zaizuela zuei ere, —bigarrenez diot— banpiro hori.
Xabier Mendiguren, Argia, 1993-II-7