1993ko hemeroteka

Ikastolen aukera galdua

Ekaitz giroa dago ikastoletan. Iragana lurperatu eta etorkizuna mugatuko omen dituen azken erabakia hartzeko ordua gertuago, eta ekaitza gaiztotzenago. Sare publikoan sartu, ala pribatuaren bidetik segi, hori omen da egin beharreko aukera. Nik neuk ez dut beste konturik entzun joan deneko sei hilabeteotan. Antiguako ikastolako juntakide naiz, eta informazio iturriak, ustez behintzat, ohi baino eskurago ditut. Halere bi aldeetatik (edo gehiago ote dira?) adarra jotzen ari zaizkigulako errezeloa daukat. Eta errezelo hori oso hedatua ikusten dut ikastololen inguruan borondaterik onenaz lanean ari direnengan.

Zakar esanda, txarra eta txarragoaren artean hautatzera kondenatu gaituztela iruditzen zait. Eta aukera itxurako hori egiteko, gainera, komeni zaizkien datuak bakarrik ematen dizkigutela, nola alde bateko hala bestekoek ere.

Ezer aldetik (esate bat da, ez hitzez hitz hartu), sare publikoa eskaintzen zaigu. Normalizatua, bazen ordua. Hala diote. Sare publiko horren diseinua, onena izanik ere, goitik egina da, lehengoaren antz handiegia du. Hor sartuz gero ikastola bakoitza nola geratuko litzatekeen jakiteko, sarbidea eskatu behar da ofizialki. Harrituta omen daude gobernuan (gobernuan, diot, ez Hezkuntza sailean). Luis Mari Bandresek esana: «Beti eskola publikoa eskatzen, eta orain eskura jarri, eta sartu nahi ez. Ez dut ulertzen».

Ikastola gauza bitxia da, behar zenean sortua, bere alde on eta txarrekin. Albo-estaduetan ez da horrelakorik. Beraz, hemen ere ez. Herri ekimenez sortutako eskola mota hori ezabatu egin behar da, normaltasunaren izenean. Pribatu ala publiko. Ederra diskurtsoa, hauteskunde garaian "Herria"-ren eskuhartze eskasaz, entusiasmorik ezaz kexu direnek egiteko. Zer entusiasmo izan lezake, bere ekimen guztiak zapuzten dizkioten herriak? Tristeena, giro batean demokrazia zenbaiten jarrera da. Noiz galdu du demokraziak adjetibo hori?

Ezer belarria estal dezagun, beraz. Ikastola guztiak bat eginda, erresistentzian. Ongi da. Baina noiz arte? Noiz jakingo dugu zehazki zer negoziatzen ari den? Zer konfidantza merezi du, bestalde, kinka honetan jarri gaituen legea egin zuen alderdiari eskerrak ematen diharduenak? Susmo hutsa baino zerbait sendoago den ustea dut, gainera; besterik gabe pribatuaren aldeko apostua egin dutenak ederki ari direla, gehiengo baten borrokaz baliatzen.

Euskal Eskola Publiko baten alde nago, segurrik, gehiengoa... zer euskal, zer eskola eta zer publiko modu eztabaidatzen hasten ez garen bitartean, behintzat. Diru publikoz ordaindutako pribatua esan nahi al da? Irakaslegoak ez al du gaur egungo ikastoletan baino erabakimen handiagorik merezi eskola ideal horretan?

Herri honetan beste askotan bezala, zuri ala beltz erabaki beharra daukagu. Ikastola bakoitzak hartu beharko du, itxuraz, erabaki hori. Aldez aurretik erabakita egon litekeela ere esan izan da. Zerrenda egina hor konpon. Irtenbiderik izatekotan, ezkerrekoek eta eskuinekoek irabazle itxura egiteko modukoa beharko du. Begira zenbat sartu diren, esango du batek. Begira zenbat geratu diren, besteak.

Tamalez, gerta liteke sartu direnak derrigorrez eta geratu direnak ezinbestean geratu izatea ere. Nik behintzat badakit harrotzeko motiborik ez dudala izango. Okerraren eta makurraren arteko sasi-aukera hau ere, alferrikaldutako aukeren zerrendan sartu beharko dugu.

Joxerra Garzia, Argia, 1993-V-16

Gure Mendea