1993ko hemeroteka

 

Joserra Vs Joseba

Orduko "Euskalduntzen" liburuari jarraiki duela 15 urte euskara eskuratzearen bidea osatu nahi genuenontzat Joserra Etxebarriaren ereduak garrantzi handia izan zuen. Guretzat astronomiaren alorrean kokatzen zen erreferentzia, beste galaxia batetakoa zirudien arren, ametsa beti jostari, lan berean kide sentitzen genuen unibertsitatean fisika euskaraz irakasten zuen hura. Hasitako bideak bukaerarik zeukanaren froga indarberritzailea. Suarez presidente españarrak hain ongi laburtu zuen euskararekiko gorrotoaren garaiko bertsio zaharberriaren aurkako txertoa.

Mespretxu adierazpen ugariak jasan behar eta Joserraren izena eta izana euskararekiko norberaren konpromezuaren indarra eta itxaropenerako gidalibururik eraginkorrena genuen. Garaiak, berriz, hain dira aldakorrak eta askok holakorik suertatzen zenik ere ez dute gogoratuko, ezta gogoratu nahi izango ere. Baina funtsezko mugarriak, bidearen norabidean erreferentzia ezinbestean bilakatzen diren horiek, ez dira aldatu. Azalean itxura erabat eraberritua izanik ere, egungo euskararekiko mespretxu bera isladatzen du UPVko Errektoregoak Joserra eta kaleraturiko irakasleen aurka garatzen duen ahaleginetan. UPV horren barnean EHU den eta izan nahi duenari gerra deklarazioa luzaturik du PNV-PSOE Gobernuak Goirienaren eskutik.

Gose greban dugun Joserra egun eta harrokeriaren mespretxuzko hitzak baino ez ditugu entzuten boterearen eremutik kanpo dagoen ororentzat. Udako Euskal Unibertsitatearen lanari buruz edota irakasle kaleratuen apostuarekiko Salabururen adierazpen antologikoak lekuko. Espainiar legearen indarra erabiliz etengabe euskarak duen indarraren aurrean, aurka. Hemen datza hizkuntza gatazkan bizi-bizirik dirauen indarkeria. Ikastolen geroa ezabatu nahi duena. Joserrari aurpegira zuzen begiratzeko gai ez dena.

Izan ere hemen bikotea ez da, zorionez, indarra eta ahuldadea. Joseba Arregik berezko marka duen harrokeriak hala ikustera eramaten badu ere bat baino gehiago. Euskararen beharrei erantzuten saiatzen den indarrari, ahaleginari, indarkeriaren indarraz erantzuten dion ezintasuna dugu "indarra" deitu nahi duten hori. Pasa zaitez Leioatik eta ikusiko duzu. Astean zehar Korrikan nabarmenduko duzun bezala. Igandean Bilbon dugu zita izenburuari dagokion hautaketa honetan "erre que erre" ari garenok.

Xabier Alegria, Argia, 1993-IV-4

Gure Mendea