1992ko hemeroteka

Zeren bila dabil Arregi?

Hamasei hilabete bete berri ditu Euskaldunon Egunkariak.

Denboraldi luze honetan Eusko Jaurlaritzaren sailetatik zortzik, ez digute publizitaterik sekula kontratatu, hasiera-hasieratik Egunkaria-ri publizitatea ukatu bait diote.

1991 urteko Jaurlaritzaren sail guztien publizitate arruntaren kontratazioa bakarrik aztertuz gero, edizio orokorretan argitaratuari dagokionean, Deia eta El Correo Español-i urtean hogeitamar milioitik gora, EI Diario Vasco-ri hogeitamar milioitik gertu eta Egin-i horren erdia baino zerbait gehixeago sartu zaien garaian, Egunkaria-ri ez zaio bi milioi eta erdira iritsi sail horietatik kontratatutakoa.

Jaurlaritzaren inguruko erakunde publiko batzuetatik bultzatutako zenbait kanpaina kontuan hartzen baditugu, publizitate moduloetan neurtuz, Deia-ri adibidez 8.317 modulo kontratatu zaion gaietan, Correo-ri 5.794, DV-ri 4.285, Egin-i 1.552, eta El Mundo-ri 1.080 (azken hauek zazpi hilabetetan). Egunkaria-ri 925 modulo iritsi zaio. Dirutan neurtuz, gonbarazioa egitearren, kanpaina hauetan Deia-ri ia 80 milioi sartu zaion orduan, Egunkaria-k zazpi milioi pasatxo jaso du.

Jaurlaritzaz gain Bizkaiko Foru Aldundiak, estraineko sarrera testimonial batzuk kenduz gero, publizitatea sistematikoki ukatu dio Egunkaria-ri.

Sintomatikoak gertatu dira, baita ere, Donostiako eta Bilboko Udalen jarrerak. Biak, joan zen urteko hauteskundeen aurretik ia publizitate ekintza guztiak kontratatzen zituzten Egunkaria-n ere. Udalbatza berrien ondoren, Donostiakoan, zortzitik batera jaitsi zen kontratazioa, irailetik aurrera erabat ukatuz; eta Bilbokoari dagokionean, hamabitik batera.

Udal hauen jarrerari gagozkiolarik, gainera, udalak ordaindutako harpidetzak ere ia erabat hutsean utzi dituzte: Bilbokoak, 114tik 9 baino ez ditu mantendu 1992rako, eta Donostiakoak, Euskararen Patronatoak egindako 78 harpideak kendu egin ditu.

Beste datu esanguratsurik ere bada: ETBk joan den urteko martxoaz geroztik ez du publizitaterik sartu Egunkaria-n, eta Egunkaria izan da ETBren azken bi kanpaina nagusietatik kanpo utzi den medio bakarra. HABEk ere iazko martxoaz gero utzi zion Egunkaria-n publizitatea egiteari.

Konpetibitatearen kanpaina erraldoian, gutxi gora behera, hirurehun milioi inbertitu duten horretan, Egin-ekin batera, kanpoan gelditu gara. Azken honetan, gainera, publizitate agentziak hamabost orrialde oso hitzartu eta gero, azken orduko erabaki politikoak iritsi ziren eta kendu egin ziguten osorik.

Behin eta berriz, egoera berari aurre egin behar diogu. Publizitate teknikoek gure egunkaria kontuan hartzen badute ere, maila politiko horietara joandakoan, euskaldun egunkari bakarra, publizitate presupostu horietatik kanpo gelditzen da.

Publizitate ofizialaren arlo desberdinetan Egunkaria-rekiko jarrera normalizaturik ez aurkitzeak, Egunkaria-ri urteko ehun bat milioitako galera dakarkio, eta koporu horren eragina neurtzeko, interesgarria izango da jakitea 1991 urtean Egunkaria-n publizitate atalean izan dugun sarrera orokorra 146 milioitakoa izan dela.

Eusko Jaurlaritzak 1991 urteko aurrekontuetan, hasi berria zen euskal egunkari bakarrari laguntza txikienik ematea ez zuen kontuan hartu. 1992 honetan, iadanik euskal gizartean erroturik, eguneroko bataz besteko 44.000 irakurle aitortzen zaion unean, euskaltzale sail desberdinen sinesgarritasuna erabat irabazia daukanean, Egunkaria-k ez duela laguntzarik izango esan berri digu Eusko Jaurlaritzako Kultur sailburua den Joseba Arregik.

Eusko Jaurlaritzaren euskarazko egunkariaren proiektu ofiziala, bi euskal egunkarirentzat tokirik ez omen dagoenez, eta bat kalean dagoenez, hozkailuan sartua daukala ere esan digu.

Bakoitzak atera ditzala kontuak.

Joxemi Zumalabe, Argia, 1992-IV-12

Gure Mendea